Adineko pertsonak aktibatzeko, Zuhaiztiko programa
Ordiziako Zuhaizti zentro sozialak aurten ere programa zabala osatu dute, eta gaur goizean egin dute horren aurkezpena. Bertan izan dira Jon Ander Caballero, Adinekoen Ongizate zinegotzia, Raquel Bravo, Zuhaiztiko juntako zuzendaria, eta Kristina Altuna, Berdintasun teknikaria.
“Aurten ere hemen gaude Zuhaiztiko programa aurkezteko. Adineko pertsonak aktibatu nahi ditugu, badakigulako oso garrantzitsua dela osasuntsu mantentzeko, bai fisikoki baita psikologikoki ere. Pandemiak ere erakutsi zigun zeinen onuragarria den aktiboki mantentzea, eta gure apustua adineko pertsonen ongizatea hobetzea da”, gehitu du.
Aktibatu zaitez! egitasmoa ordiziar heldu eta adineko guztiek (batez ere erretiratu eta pentsiodunek) parte hartzeko programa da.
Hiru ataletan banatu dira ekintzak: Kultur ekimenak eta jarduera fisikoa, eta Gente 3.0 Programaren baitan, La Caixa Fundazioarekin elkarlanean, Informatika eta komunikazioa, eta Osasuna eta Ongizatea.
Lehen zatian honako ikastaroak eskainiko dira: adimena lantzen, Euskara Eskola, Jarduera Fisiko Lasaia, Pilates, Erlaxazioa, Eskulanak, aretoko dantzak eta abesbatza. Azken atalean, bestalde, La Caixa banku-fundazioaren eta Ordiziako Udalaren arteko hitzarmenari esker, beste hiru ekintza antolatu dira.
Informatika eta komunikazioari dagokionez, Tailer horietan teknologia berrien egunerokotasunean aplikatzeko oinarrizko tresnak eta tresna aurreratuak eskaintzen dira, eta formazio ibilbide jarraia izango da. Hala, sare sozialak, bideo deiak, Whatsapp eta Facebooken sakonduko da. Horrez gain, Internet bidez tramiteak egiteko eman beharreko pausuak ere zehaztuko dira.
Osasuna eta Ongizateari dagokionean, Taldean partekatzen dira eguneroko bizitzarako ezagutzak, esperientzia, estrategiak eta tresna praktikoak (ohitura osasuntsuak, teknika eta trebetasun psiko-emozionalak eta komunikaziokoak, eskubideen defentsa...), eta bizitza pertsonaleko proiektu atsegina eta motibatua sustatzen da.
Horrez gain, lagunen arteko irakurketa tailerra ere emango da. Irakurketaren inguruko topaketa, solasaldian esperientziak eta begiradak partekatuz.
Parte hartzeko deia
Caballerok herritarrak ekintza hauetan parte hartzera animatzen ditu. “Ikusten duzuen moduan eskaintza zabala dugu, eta beraz, badago non aukeratu. Bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diet ordiziarrei, izan ere, ekintza hauetan ziur asko ikasteko aukera izango dutela”. Izen ematea zabalik egongo da irailean, urriaren 9a arte: Zuhaizti Gizarte Zentroa: 657 791 813 / 943 88 92 88, edo bestela 688 822 329 telefonoan.