LGTBI+ Harrotasun Eguneko adierazpen instituzionala
Ekainaren 28an, LGBTI+ harrotasunaren egunean, harro gaudela aldarrikatu nahi dugu. Harro gaude gure bizitzez, harro gure genealogiaz eta harro LGBTI+ mugimenduaz.
Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakera ezberdinek zein manipulazioek, eskuin muturreko diskurtso intoleranteek eta gorroto jarrerek cisheteroarautik kanpo kokatzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzten honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen gogora ekartzea, ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dugu. Eraso LGBT+fobikoen salaketen datuak esponentzialki egin dute gora azken urteetan, LGBTI+ pertsonen inbisibilizazio eta bazterketak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.
Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. Horretan ari gara eta hori sustatzen jarraituko dugu, askoren artean eta elkarlanean.
Horregatik guztiagatik Ordiziako Udalean konpromisoa hartzen dugu, egin genuen gure herriko LGBTI+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa garatu, eta bertan ezarritako bi lan ildo garatzeko. Alde batetik, diagnostikoan oinarritutako ekintza plan integralak abiatzeko. Bestetik, gure herriko LGBTI+ komunitatearen memoria historikoa berreskuratzeko eta jasotzeko ikerketa abiatzea. Prozesu hauek, herriko LGBTI+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu eta erreferente nahiz norbanako ezberdinak aktibatzeko moduak sustatuko ditugu.
Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko. Ordiziak bere garaian hartutako konpromisoa berretsiko du, bere garaian ortzadarraren kolorez margotu zen Euskal Herria kalearen hasieran dagoen zebra-bidea berriro margotuz eta Jakes-etxean jarriko den kartel batean argi eta garbi adieraziz Ordiziak ez dituela eraso sexista nahiz LGBTI+fobikoak onartuko.
Amaitzeko, LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.
Gora Ekainaren 28a