677 liztor beltz atzeman dira aurtengo kanpainan
677 liztor beltz bildu dira Ordiziako Udalak Babes Zibilarekin elkarlanean abiatutako liztor beltzaren agerpena sahiesteko aurtengo kanpainan. Aurten 13 tranpa jarri dira herrian barrena banatuta eta gaur guztiak jaso egin dira. Hilerri eta Okorro parkekoan jaso dira liztor beltz gehien; 132 eta 122, hurrenez hurren.
“Aurten ere datu onak eman ditu kanpaina honek. Iaz baino lehenago hasi dugu, eta horrek ere eragina du datuetan. Puntu berritan kokatu ditugu tranpak, iaz ikusi genuelako herriko beste gune batzuetan ere jarri beharko zirela hauek. Bertako liztorra babesteko balio du esku-hartze honek eta baita herritarrak ere”, nabarmendu du Maitane Alvarez alkateordeak.
Datozen hilabeteetan liztor beltzen kabiak kentzeko kanpainak jarraituko du. “Orain, batez ere, liztor beltzen kabiak atzeman dira eta Babes Zibila dagoeneko hasia da eskuhartzen; astebetean hiru kabi kendu dituzte”, gehitu du.
Prozedura honakoa izaten da: likido erakartzailea, ura nahastuta, jartzen da edukiontzi berezi batzuetan, eta ondoren zuhaitzetan kokatzen dira. Astean bi egunetan, gutxi gorabehera, egiten dituzte jarraipen lanak; astelehen eta ostiraletan. Hala, azaltzen diren liztor beltzak jasotzen dituzte.
Bi liztorren arteko desberdintasun nagusia da liztor beltzak marra hori bakarra duela enborrean. Bertako liztorraren kasuan, nahiz eta liztorrak handiak izan, marra hori bat baino gehiago izaten dituzte.