San Joan auzoko txakur parkea laster izango da martxan

Ordiziak bigarren txakur parkea izango du laster. San Joan auzoan kokatuta dago, eta 1.182 m2-ko eremua hartzen du. Egurrezko itxitura eta botilen tapoi birziklatuz egindako bankua kokatu dira dagoeneko bertan, eta datozen egunetan, txakurrentzako iturria eta gorotzak jasotzeko pipi-can deritzon zakarrontzia izango ditu. Ate bikoitza eta txakurrak askatzeko sarrera ere izango ditu, seguruago irten eta sartu ahal izateko.

Adur Ezenarro alkatea eta Laiacoop enpresako Rosa Aurkia izan dira gaur goizean egin den aurkezpen ekitaldiak. Ezenarrok azaldu du "eremua itxita" dagoela, "txakurrak bertan solte ibiltzeko pentsatuta" dagoelako. "Elkarbizitzarako arau batzuk ere izango ditu, jabe bakoitzak jaso beharko ditu bere txakurraren gorotzak, erasokor jartzen badira edo liskarren bat sortzen bada jabeen ardura izango da banantzea eta lotzea, txakur arriskutsu izendatuta daudenek bozala eraman beharko dute, eta hamabi urtez azpiko neska-mutilak ezin izango dira sartu". Arau horiek guztiak azaltzen dituen panel informatibo bat ere kokatuko da parkearen sarreran. 

Ordizian egin den bigarren txakur parke hau, "herritarren eskariz" egin dela gogorarazi du Ezenarrok. Upabikoak ere erabiltzaile asko ditu, eta San Joan eremuan jende asko txakurrekin ibiltzen denez, eremu honek ere erabiltzaile ugari izatea espero dute. Gainera, "herriaren bi muturretan" kokatuta daudela azaldu du alkateak, "horrela herritar guztiei zerbitzua" eman ahal izateko.