Badatoz 2024ko Santa Ana jaiak!
Ordiziako Santa Ana jaiak ate joka datoz. Asteburuan hasiko dira festetako aurreneko ekitaldiak, Haurren Asteburuarekin. Aurretik, ordea, Saskibaloi Txapelketako finala jokatuko da gaur, osteguna hilak 18, eta Bluestuntza jaialdia izango da Otatza plazan. Bihar berriz, ostirala, uztailak 19 Ordiziako Boxeo Gaua izango da, 22:30etik aurrera, Beti Alai pilotalekuan.
Haurren asteburua
Larunbatean herriko txikienei zuzendutako ekitaldiekin hasiko da egitaraua. Goizeko 10:00etan, 2023. urtean jaiotako ordiziarrei jaietako zapia jantziko zaie. Eta eguerdian, haurrek alkate jaun-andreek hartuko dute agintea, udaletxeko balkoitik txupinazoa botatzearekin batera. Ondoren, buruhandi eta erraldoien kalejira izango da, Ordiziako txistulariek, trikitilariek eta Burrunbazale txarangak lagunduta. Umeen bazkari herrikoia plazan, Xaiborrekin dantzaldia, ur-parkea, mozorro dantzaldia eta zezen-suzkoa ere izango dira egunean zehar.
Igandean berriz, haurren ohiko aurreskua egingo dute eguerdian, eta arratsaldean, haurren danborrada aterako da 19:00etan Buztuntzatik, Plaza Nagusian bukatzeko.
Jaien hasierako txupinazoa
Ordiziako Santa Ana jaiei hilaren 24an emango zaie hasiera ofiziala, txupinazoarekin. Aurten, 50 urte betetzen duten Ordizia Igeriketa eta Ordizia Rugby elkarteek eta Urdaneta ikastetxeko ordezkariek izango dute suziria botatzeko ardura. Gainera, aurten, Ordiziako Azokarekin bat egingo du jaien hasierak. Asteazken gauean, uztailak 24, helduen danborrada aterako da.
Hilaren 25ean, ostegunarekin, Ordiziako Klasikoa jokatuko da, eta 26an, Goizaldeko Danborrada eta agintarien soka-dantza egingo dituzte, besteak beste.
Larunbata, berriz, Santanazaleen eta Kuadrilen Eguna izango da. Eguerdian egingo da santanazaleen ohiko esku-dantza, eta segidan, kuadrillen irteera. Jaietako azken eguna goizalderaino luzatuko da, iluntzean Garagartza plazan hasiko den Urrats taldearen erromeriak, Plaza Nagusian jarraituko duelako London orkestarekin.
Jaietan ere, 'Aske Bizi'
Ordiziako Udalak argi adierazi nahi du jaietan ez dela inolako eraso sexistarik onartuko. Erasoen aurrean ez gara isilduko, eta ez dugu beste aldera begiratuko.
Azken urteetan, gizarte-eragileekin eta koordinadora feministarekin elkarlanean, erantzun protokolo bat sortu zen, eta tartean jaietan gerta daitezkeen erasoei aurre egiteko telefono bidezko arreta zerbitzu bat jarri izan da. Aurten, pauso bat gehiago eman nahi izan da bide horretan, eta zerbitzu hori profesionalizatzearen aldeko apustua egin da.
Telefono bidezko zerbitzu profesional bat da, 747 474 056 zenbakian zentralizatua. Herritar guztien zerbitzura dago, edozein eraso matxistaren aurrean (larria edo arina izan) jo daiteke bertara, eta bertan, arreta, orientazioa eta erregistroa eskainiko dute. Hauek dira zerbitzu honen helburu nagusiak:
- Edozein eraso matxista identifikatzea eta erregistratzea
- Erasoa jasan duen pertsona beste zerbitzu batzuetara bideratzea
- Erantzun soziala aktibatzeko kudeaketa bideratzea
- Eguneroko jarraipena egitea
Telefono zerbitzu hau, uztailaren 19tik 21eta eta 24tik 28ra egongo da martxan, 24 orduz.
Telefono zenbakia eta erasoen aurkako protokoloa zabaltzeko pegatinak eta kartelak ere sortu dira, eta herriko tabernetan banatu eta hainbat puntutan jarri dira, ikusgai egon daitezen.
Zaratarik gabeko orduak barraketan
Ostiral arratsaldean izango da Santa Ana jaietako barraken irekiera. Azken urteetan bezala, 15:00etatik 17:00etara zaratarik gabeko ordua izango da.
Aurten, barraka gunea ahalik eta esparrurik inklusiboena izan dadin, uztailaren 21ean eta 25ean ordubetez luzatuko da tarte hori, 15:00etatik 18:00etara, hain zuzen ere. Tarte horretan, barrakek musikarik eta bestelako soinu ozen eta sarkorrik gabe funtzionatuko dute. Modu horretan, haur guztiei espazio horretaz gozatzeko aukera zabalduz.
Horrez gain, ferialariekin barraken prezio herrikoiak adostu dira festa guztietan zehar, eta uztailaren 22an eta 23an, tarifa murriztua ezarriko da. Bestetik, gure festetan euskararen presentzia indartzen jarraitzeko, euskara sailetik euskal musikaz osatutako USBa banatu zaie, beste urte batez.
Zezen plaza San Bartolome auzoan
Aurten, berrikuntza bezala, urtero jarri ohi den zezen plaza Buztuntzatik San Bartolome auzora lekualdatuko da. Segurtasun arrazoiengatik, plaza osoa, zirkunferentzia osoa muntatuko da. Buztuntza auzoan ez zen sartzen, eta horrek plazaren zurruntasun eta egonkortasunari eragiten zion, segurtasuna baldintzatuz.
Matutina gauean larrialdi zerbitzua
Uztailak 25etik 26rako gauean, Matutina mozorro gauean zehar hain zuzen ere, anbulantzia zerbitzua eskainiko da (Foruen pasealekuan frontoiaren kanpoaldean) gau horretan zehar izan ohi diren istripu arinei erantzuteko (erorketak, mozketak, etab.)
Egitarau osoa este honetan kontsultatu daiteke.