Udalbatzak 2025eko Ordenantza Fiskalak onartu ditu
2025eko Ordenantza Fiskalak onartzeko ez-ohiko osoko bilkura egin zen atzo. Bertan, datorren urteko udal tasa eta zergak zenbatekoak izango diren finkatu da. Landutako zortzi puntuetatik sei, aho batez onartu dira, eta gainontzeko biak, adostasun zabal batekin.
Ordenantzak modu orokorrean hartuta, tasa gehienen igoera %3koa izango da orokorrean. Ondakinen kasuan, berriz, %6koa izango da. Igoera hori datozen hiru urteetan progresiboa izatea adostu da, egungo legediak eskatzen duena betetzeko, eta zerbitzu horrek dakartzan gastuei aurre egin ahal izateko.
Udalak diru-sarreren araberako ordainketa progresiboaren politikari eutsi dio aurten ere. Gainera, hainbat zerbitzutan ez da igoerarik izango: haur-eskola zerbitzuan eta etxez-etxeko zerbitzuetan, adibidez. Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, "erabiltzaileek ordaindu beharreko kopurua kalkulatzeko erreferentzia LGSa (Langile arteko Gutxieneko Soldata) erabiliko da, hobariak handituz eta ordaindu beharreko kopuruak jaitsiz".
Gainontzean, iaz onartu zen hobarien sistema orokorrean ere, diru-sarrera tarteak LGSaren arabera handituko dira, eta guraso bakarreko familietan, kide bat gehiago zenbatuko da diru-sarreren mugak zehazten dituen taulan. Familia ugarietan ere, 4 seme-alabatik gora dituzten familientzat, hobariak lortzeko mugak handitu dira, etxebizitzaren balio katastralean edo ibilgailuen zaldien mugan.
Behin udalbatzak Ordenantza Fiskalei onarpena emanda, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki taulan jarriko da, eta herritarren 30 eguneko epea izango dute erreklamazioak egiteko.