Kortariak irabazi ditu Ordizia Txapeldun saria eta Urrezko Gazta

Gaur, urriak 23, XXXVII. ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa jokatu da, Ordiziako asteazkeneroko azokarekin batera. Bertan, Sari Nagusia Lekarozko Kortaria gaztandegiak jaso du, 8,83 punturekin, eta E letradun gaztarekin. Bigarren saria Ordiziako Otatza gaztandegiarentzat izan da, eta hirugarrena Ilarduiako La Leze gaztandegiarentzat. Kortariak laugarren urtez jarraian irabazi du gazta lehiaketa hau, eta sari nagusiaz gain, urrezko gazta ere jaso du; 8,5 puntu baina gehiago lortzen duten gaztei bakarrik ematen zaie saria.

Gaurko txapelketan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2015etik 2024ra) irabazleak lehiatu dira. Guztira 6 gazta ketu eta 4 zuri aurkeztu dituzte. Ekitaldia Ordiziako Udalak antolatzen du Idiazabal Gaztaren kofradiaren lankidetzarekin, eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.

Honako gaztagileek parte hartu dute aurtengo lehian:

  • 2015.- Jon Etxebarria “Ipiñaburu” (Zeanuri)
  • 2016.- Joseba Insausti “Otatza” (Ordizia)
  • 2017.- Jose Luis Odriozola “Agerre-Buru” (Aia)
  • 2018.- Julen Arburua “Kortaria” (Lekaroz)
  • 2019.- Julen Arburua “Kortaria” (Lekaroz)
  • 2020.- Patxi López de Uralde “Larreako Gazta” (Larrea)
  • 2021.- Eneko Goiburu “Ondarre” (Segura)
  • 2022.- Eli Gorrotxategi “La Leze” (Ilarduia)
  • 2023.- Eneko Goiburu “Ondarre” (Segura)
  • 2024.- Eli Gorrotxategi “La Leze” (Ilarduia)

Hiru gaztarik onenek diru-saria jaso dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Lehen hiru sailkatuek hamarretik zazpiko puntuazioa gainditu dutenez, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu dituzte. Horrez gain, Kortariak 8.5 puntu baino gehiago eskuratu dituenez, urrezko gazta ere lortu du.

Epaimahaia ondorengoek osatu dute aurten: Patxi Perez Elortondo eta Maria Victoria Urresti (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak), Iñaki Arrieta (Rekondo Jatetxea, Donostia), Arantxa Aguirrezabala (Kattalin Erretegia, Beasain) eta Roberto Ruiz (Hika txakolindegia, Billabona) sukaldariak eta Eli Belauntzaran (Diario Vasco) eta Aitzol Zugasti (AZ Gastronomia) kazetari gastronomikoak.