Ordiziak eskuorri turistiko berria du
Turismo bulegoak udako ordutegia estreinatuko du uztailaren 1ean
Ordiziak ondare natural, historiko, arkitektoniko eta kultural aberatsa du. Goierriren erdigunean kokatzen da, Donostiatik 30 minutura soilik, eta eskualdea ezagutzeko sarbide ezin hobea da. Hala ere, bailaran barneratu aurretik, Ordizian bertan aukera asko dituzu eskura.
“Berezi egiten dute asteazkenetako asteroko azokak eta Erdi Aroko hiribildu historikoak, bere eraikin eta monumentu adierazgarrienekin. Herriaren nortasun ikurra diren ezaugarri hauek ondo ezagutzeko bisita eta jarduera ugari antolatzen dira. Horrez gain, merkataritza eta ostalaritza eskaintza zabala duzu aukeran eta ireki berria den Hotel Ordizia, hotel goxo eta abegitsuan, lotan gelditu eta esperientzia ahaztezina bizitzeko aukera. Gainera, D´elikatuz interpretazio zentroan Goierri Eskualdeko altxorrak ezagutzeko parada eta informazio guztia topatuko duzu. Bestalde, naturaz gozatzeko, Ordiziako hirigunetik minutu gutxira dagoen Oiangu landa parkeko paraje zoragarria bisita dezakezu, Aralar natur-parkera sarbide aproposa”, zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Honi guztiari Ordiziak urtean zehar eskaintzen dizun etenik gabeko ekitaldi-programa gehitu behar diogu.
Gaurkoan guzti honen berri jasotzen duen eskuorri turistiko berritua aurkeztera gatoz: eskuorri turistikoa. Uztailaren 1etik aurrera, udako denboraldi turistikoari hasiera emango diogu eta Ordiziako turismo bulegoak bere ordutegia zabalduko du, astelehenetik igandera bere ateak irekiz ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera 10-00-13.00 eta 16.00-19.00; larunbata, igande eta jai egunetan 11.00-14.00 eta 16.00-19.00.
Ordiziako azoka, pintxoen erakusleiho bihurtuta
Herriko establezimenduetan azokako produktuen presentzia sustatu, eta eskaintza bertako eta garaiko produktuekin identifikatzeko asmoz Ordiziako Azoka Pintxoa ekimena martxan jarri genuen Ordiziako hainbat tabernetan. Hala, hilabeteko azken asteazkenetan Ordiziako Plaza Nagusia ekimenean parte hartzen duten taberna eta jatetxeetako kideek haien sorkuntzak erakusteko lekua bihurtzen da.
Gaurkoan, Leizea tabernak eskaintzen duen pintxoa aurkeztuko dugu. Ahuntz gazta, piper krema, tipula mermelada, piper berde, ogia eta arto xigortua dira osagaiak. Errezeta eskuragai dago www.ordiziakoazoka.eus/azokako-pintxoa atalean.
Gogorarazten dugu, Leizeaz gain, Hotel Ordizia, Kantoi, Martinez, Pottoka eta Txindoki direla gaur gaurkoz ekimenarekin bat egin dutenak.
Pintxo hau kontsumitzen duten bezeroei txartel bana ematen zaie, eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute.