Azoka berezia eta gazta txapelketa ospatuko dira irailaren 7an
Euskal Jaietan murgilduko da Ordizia irailaren 3an hasi eta 11a bitarte. “Bi urteren ondoren, ateak zabalik ospatuko da Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazten XLIX. Lehiaketa”, zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Ekintza ugariz betetako astea izango dugu Ordizian; larunbat honetan hasi eta datorren igandera arte. Bertan nabarmentzen dira, besteak beste, Gozategi eta Huntza taldeen kontzertuak, eta baita 11an ospatuko den Emakumeen I. Ordiziako Klasika. Horrez gain, Ordiziako Azokak hemendik aurrera izango duen oihal berria aurkeztu da gaur goizean.
Gaur izan dira irailaren 7ko ekintzen aurkezpenean Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea, Garbiñe Etxezarreta, Kutxa Fundazioko ordezkaria; Miriam Molina, Idiazabal Jatorri Izendapeneko Gerentea; Idiazabal Gaztaren Ordiziako Kofradiako ordezkariak eta Oihane Pardo, Amarenak.
“Aurten ere, azken 10 urteetako gazta txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileak Urrezko Kutxa Garaikurra irabazteko aukera izango du. 2009. urtean irabazi zuen garaikurra lehenengo aldiz Elgoibarko Jesus Mari Ansolak, eta 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzaiak bigarrenez. Aurtengoan “Ipiñaburu” gaztandegiko Jon Etxebarria Zeanuritarra (2012,2015), “S.C. Kortaria” gaztandekiko Julen Arburua (2018, 2019) eta “Ondarre” gaztandegiko Eneko Goiburu (2014, 2021) dira garaikur berezi hau irabazteko aukera dutenak”, gehitu du Ezenarrok.
Garmendiak, bestalde, honakoa azaldu du: “Kutxa Fundazioak babesle nagusi gisa jarduera honi loturik darraikio 1964. urteaz geroztik, eta urtero legez, Sari Handia emango du oraingoan ere”. Hala, Fundazioaren misioan mintzatu da: “Gipuzkoako ekonomiaren eta gizartearen garapen jasangarria bultzatzea egonik, sari hauen helburua, gaztagintzaren garape hori sustatzea eta bistaratzea da, eta bide batez, sektore honetan egiten den lan ona aitortzea”.
Azokako oihal berriak
“Ohore bat da gaur hemen egotea, Azokarentzako mahai oihal berri bat aurtezten egotea. Guztiz eskertuta gaude Udalarekiko, aukera hau eskaintzeagatik”, azaldu du Pardok. Ia bi urte iraun duen prozesua izan da, elkarlanean egin duguna. “Kontatu nahi dugunaren historia aztertu dugu eta Ordiziako Azokak duen garrantzia ikusita, ohartu ginen benetan ibilbide honetan garrantzitsuak pertsonak zirela. Asteazkenero-asteazkenero, belaunaldiz belaunaldi azokara etortzen diren baserritar eta nekazariak”. Horretarako, hainbat elkarrizketa egin ziren eta bertatik ondorioztatu zen bakoitzarentzako zer zen azoka, azokaren etorkizuna nola ikusten zuten… prozesu luze bat.
Elkarrizketa horietan hainbat mezu errepikatu ziren: eskulana, ondarea, memoria, haurtzaroko oroitzapenak, alaitasuna… eta hala sortu da oihal berria. “Euskal ondareko mahai oihal garrantzitsuenak hartu eta horiek dituzten hiru estanpatu ezagunenak hartu genituen. Nahastu, eta berri bat sortu genuen. Hala ere, guretzako oso garrantzitsua zen eskuz margotzea, eskulanaren ideia hori oinarrian izatea. Eta noski, kolorea ere argi zegoen: berdea, naturaren, barazki eta Ordiziako Azokaren kolorea”.