Azaroaren 2an ospatuko da Ordizia Txapeldun sari nagusia
Datorren asteazkenean, azaroak 2, XXXV. ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa ospatuko da asteazkeneroko azokaren altzoan. Lehiaketa Ordiziako Plaza Nagusian ospatuko da goizeko 10.30tatik aurrera.
Bertan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2013tik 2022era) irabazleak lehiatuko dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Honako gaztagileak arituko dira lehian asteazkenean: 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Remiro-Eulate), 2014ko irabazlea Karmele Murua (Ondarre-Segura), 2015ean irabazle izan zen Jon Etxebarria (Ipiñaburu-Zeanuri), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Otatza-Ordizia), 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Agerreburu-Aia) ,2018 eta 2019ko irabazlea, Julen Arburua (S.C. kortaria-Lekaroz) 2020ko irabazlea, Patxi Lopez de Uralde (Larreako gazta-Larrea), iaz txapeldun atera zen Eneko Goiburu (Ondarre-Segura) eta irailean txapelketa irabazi zuen La Leze (Illarduia).
Hiru gazta hoberenak diru-saria jasoko dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu eta erdi baino gehiago lortuz gero.
Aurten ere luxuzko epaimahaia izango dugu: tekniko lanetan Patxi Pérez Elortondo eta Maria Jose García; sukaldariei dagokionez Gorka Rico, Tolosako “Ama” jatetxekoa eta Arantxa Agirrezabala, Beasaingo “Kattalin” Erretegitik. Horiez gain, El Diario Vascoko Eli Belaunzaran kazetaria eta Noticias de Gipuzkoako Aitzol Zugasti. Gonbidatua Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidentea izango da, Mikel Ubarrechena.