Ordiziako Azokaren Eraldaketa Digital eta Iraunkorrerako Plana: Azoka XXI
Ordiziako Udalak, Europar Batasunaren Next Generation laguntza-funtsarekin, ‘Ordiziako Azokaren Transormazio Digital eta Iraunkorrerako Plana: Azoka XXI’ aurkeztu du. Proiektu honen bidez, merkatuaren espazioa fisikoki eraldatzea eta modernizatzea planteatzen da, behar berrietara egokitutako espazio bat sortu eta, asteroko azoka moderno, jasangarri eta eraginkor batez gain, gizartea, kultura eta merkataritza dinamizatzeko ekimenak etengabe garatzea bilatzen duten jarduera sorta zabala abian jarriz.
Merkataritza, asteroko azoka eta nekazaritzako elikagaien sektorea dira Ordiziaren eta Goierriren nortasun-ardatzak, eta 10.000 biztanletik gora izanda, esparru horietan kokatzen jakin du.
Testuinguru horretatik abiatuta, eta ingurune ekonomiko eta sozialean gertatzen ari diren aldaketen jakitun, estrategia propio bat diseinatzeko beharra ikusi da, azoka modernizatzea eta aktibatzea ardatz hartuta, udalerriko hiri-ekonomiaren eraldaketa lehiakorra eta modernizazioa hedatzeko, eta, aldi berean, udal-nortasuna bera indartzeko, bere historiarekin koherentea den eskualdeko hirugarren sektoreko buru gisa.
Ordiziako Merkatuaren Eraldaketa Digital eta Iraunkorrerako Planaren estrategia integrala da eta hainbat arlotako ekintzak biltzen ditu, merkatuari, merkataritzari eta merkatariei eta udalerriari kontsumitzaileen beharretara egokitzeko eta merkataritza-eredu digital, iraunkor eta erakargarri baterantz aurrera egiteko aukera emango dietenak. Uda eta udazkenaren hasiera hartuko dituen lehen fase honetan, honako jarduera hauek garatu dira:
- Eraldaketa digitala: Merkatuko saltzaileek eremu digitalean transakzio komertzialak egin ahal izateko eredu digital baterantz aurrera egitea. Zentzu horretan, gaur www.ordiziakoazoka.eus webgunearen bertsio berria aurkezten dugu, joera berriekin bat datorren diseinuarekin, eguneratutako ekoizleen fitxekin eta kokapen planoarekin, azokako pintxoaren atal berriarekin eta pintxo horiek eskaintzen duten establezimenduen fitxa eguneratuekin, bisiten atal berriarekin, eta beste eduki batzuekin. Urtea amaitu baino lehen, eskaerak zuzenean egin ahal izango zaizkie ekoizleei webgunearen bidez, eta horretarako jarriko diren armairu adimendunetan jaso ahal izango dira.
- Packaging iraunkorreko elementuen diseinuarekin lotutako jarduerak, plastikoa ezabatzea ahalbidetzen dutenak, eta fokua merkatuan sortutako hondakinen kudeaketa jasangarrian jartzen dutenak, hala nola poltsa konpostagarriak, jutezkoak eta tolesgarriak, elikadura-paper ekologikoa, arrautza-ontzi eta tupper berrerabilgarriak, hainbat zozketa eta kanpainatan banatzen joango direnak. Zehazki, datozen asteetan Ordiziako Azokako kontua jarraitzeko eta bi lagun gonbidatzeko gonbidapena egingo zaie ordiziarrei. Parte-hartzaile guztien artean, Ordiziako Azokaren logoa duten packaging iraunkorreko hiru lote zozketatuko dituzte.
- Biniloak lokal hutsetako erakusleihoetan: lau lokal binilatu dira profil desberdineko lau ordiziarren argazkiekin, eta merkatuan erostera gonbidatuko gaituzte Bazatoz! esloganaren bidez. Eslogan hori, era berean, protagonista izango da webgune berrian eta sare sozialetan garatuko den kanpainan ere.
Bigarren fasean, udazkenetik urtea amaitu arte iraungo duena, honako jarduera hauek izango ditugu ardatz:
- Saltoki-gunea eraldatzea, eta horrek merkatuaren espazioa eta ingurunea fisikoki eraldatzea eta modernizatzea eskatzen du.
- Merkataritza Gune Zentralaren inguruan berariazko seinaletika bat instalatzea, eta merkataritza-eremuan WIFI sarbide-puntuak ezartzea.
- Azokaren webgunearen bidezko salmenta-sistema eta datuen kudeaketa: merkatuko kontsumitzaileak fidelizazio-tresna baten bidez konektatzea eta fidelizatzea ahalbidetzen duen jarduketa bat garatzea.
- Eraldaketa Digitalerako Programa: azokako saltzaileei eta udalerriko merkatariei tresnak eta ezagutzak eman nahi zaizkie lehiakorragoak izan daitezen, eta, horretarako, programa oso bat diseinatu da saltzaileek gaitasun digitalak eskura ditzaten.