Euskal Herriko odolki egile eta harakinek hitzordua dute, azaroaren 26an, Ordizian. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera Euskal Herriko I. Odolki Lehiaketa eta Gipuzkoako XXVI. Odolki lehiaketa antolatu baitute. Euskal Herriko txapelketako irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko du, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnei diploma eta garaikurra bana emango zaie; laugarren eta bosgarren sailkatuei diploma. Euskal Herriko I. Odolki lehiaketako lehen gipuzkoarrak Gipuzkoako XXVI. lehiaketako saria izango du, txapela, garaikur eta diplomarekin.
Odolki onena zein den erabakiko duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatuko da. Aurtengoan, Ordizian izango dira: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Iñaki Telleria (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Aritz Ansola (Sansonategi Jatetxea, Hernani- JAKITEA), Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain) eta Aizpea Oihaneder (Mahaia kolektiboa) sukaldariak, Juanma Garmendia (FECOGA); Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza) eta Eli Belauntzaran (Diario Vasco) kazetariak eta Paloma Enríquez (CEBANC ostalaritza eskolako zuzendaria).
Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.
Lehiaketa honen bitartez, betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita Euskal odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere.
Lehiaketa martxan dagoen bitartean, Ordiziako Oianguren Ikastetxeko ikasleak odolki pintxoak salduko dituzte eta lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratutako helburu batera bideratuko dira.