Garagardoaren festa bueltan da Ordizian. Emaneurrek antolatuta, larunbat honetan, maiatzaren 9an, Euskal Herriko IX. Artisau Garagardo Azoka izango da, Plaza Nagusian. 14 garagardo etxe, musika zuzenean, jatekoa, txapelketak, zozketak eta bestelako ekintzak izango dira egun osoan zehar.
2015. urtean antolatu zuen Emaneurre Taldeak lehenengo aldiz Euskal Herrian ekoitzitako garagardoak eskainiko eta plazaratuko zituen azoka. Horretarako Ordiziako plaza baino erakusleku hoberik topatzea zaila. Aurtengoa 9. edizioa izango da eta Euskal Herriko garagardozaleen erreferente bilakatu dela esan daiteke.
Azoka honen helburua da Euskal Herriko garagardoak ezagutaraztea eta bertako garagardo ekoizleen topaleku izatea. Era berean, Emaneurre Taldearen helburuekin lerrokatuta, herriko giroa bultzatzea eta kultura egitarauari ekarpena egitea ere baditu xede.
Aurtengo edizioan, aurreko urteetan bezelaxe, garagardo ekoizleek zuzenean eskeiniko dute eurek ekoitzitako garagardoa, salmenta zuzena izango da. Garagardoa iturritik, edo etxera eramateko botila eta latatan eskuratzeko aukera izango da. Antolakuntzak edalontziak salduko ditu eta kopak ere izango dira aukeran. Epaimahaiak ez du lan erraza izango Euskal Herriko garagardorik onena aukeratzeko.
Garagardoaz gain jatekoa eta plaza girotzeko musika eta animazioa ez dira faltako. Azokako prebia bezala, ostegunean, Larrun Arri Elkartean garagardo dastaketa izango da Basquebeer elkarteko Jabi Ortegarekin. Ostiralean, berriz, Ordizia Hotelean, sortu berri den Nafarroako Korum garagardo etxeko arduraduna izango da.
TXAPELKETA
Garagardo ekoizle bakoitzak garagardo bat aurkeztuko du txapelketara, nahi duen kolore eta estilokoa. Txapelketa ez da estiloka sailkatuko. Epaimahaiak ondorengo irizpideak hartuko ditu kontutan aurketutako garagardoak epaitzeko:
1 – IKUSMENA: Garagardoaren kolorea uniformetasuna. Aparrak argia eta konstantea izan behar du. Garagardo hauek burbuila gehiegi ez dute izaten gasik ez zaielako injektatzen. Baita ere garagardo hauetan posoak aurki ditzakegu, filtraziorik gabekoak direlako, modu naturalean ekoitziak.
2 – USAIMENA: Pausu honetan osagaien usainak hartuko ditugu kontuan (belarrak, maltak, zerealak, espezieak, etab.) eta alkoholaren intentsitate aromatikoa ere. Ez hori bakarrik, sentsazio eta oroitzapen ezberdinak burura ekarri ditzakete usai horiek. Pausu hau ongi egin ezkero garagardo hau ondo ezagutzen lagunduko digu.
3 – DASTAMENA: Zapore ezberdinak hartuko ditugu esate baterako malta, alkohol kopurua, espezieak, fruituak, ... Hemen 2 une bereizi daitezke; lehena katazioarena, ahoan uzten duen “hondar-sentimendua”; eta bigarrena; ahoan uzten duen oroitzapena (hau luzaroan utzi dezakete).
EGITARAUA:
