Image
Image

Kulturen Arteko X. Topaketa azaroaren 2tik 7ra

Kulturen Arteko X. Topaketa azaroaren 2tik 7ra

Ordizia Kolore egitasmoaren baitan antolatutako topaketaren hamargarren edizioak kulturartekotasuna, bizikidetza eta herritarren parte-hartzea izango ditu ardatz. Egitarauan solasaldiak, ipuin kontaketa, musika, dantza, pintxo-potea eta Munduko Arrozen bazkaria izango dira, besteak beste. Gaur arratsaldean egin da ekimenaren aurkezpena, Topaketa posible egin duten eragile desberdinekin.

Ordizia harrera herria da, jatorri eta kultura askotariko herritarren bizilekua. Aniztasun horrek herria aberasten du, eta elkar ezagutzeko, harremanak sendotzeko eta elkarbizitza sustatzeko aukera eskaintzen du. Helburu horrekin antolatzen da urtero Ordizia Kolore egitasmoaren barruko Kulturen Arteko Topaketa, eta aurten hamargarren ediziora iritsiko da, azaroaren 2tik 7ra bitartean.

Hamar urteko ibilbide honetan, topaketak herriko egutegian bere lekua egin du, kultura eta jatorri ezberdinetako herritarrak elkartzeko eta partekatzeko gune gisa. Ekimenaren arrakastaren atzean, gainera, herritar askoren, elkarteen, eragileen eta udal zerbitzuen lana dago. Haien inplikazioari esker antolatzen dira urtez urte jarduerak, eta haien ekarpena funtsezkoa da topaketak aurrera egin dezan.

Ainhoa Jimenez zinegotziak azpimarratu du Ordiziako kultur aniztasuna herriaren aberastasunaren parte dela. «Ordizia bizia eta anitza nahi dugu, herritar guztiek beren lekua duten herria, elkar ezagutzeko eta elkarrekin bizitzeko aukerak eskaintzen dituena. Kultur aniztasuna aukera bat da, eta elkarrekin lan eginez, ezagutza eta harremanak partekatuz, guztion artean eraikitzen dugu Ordizia», adierazi du.

Jimenezek, halaber, topaketaren hamargarren edizioa posible egiten duten herritarren lana eta konpromisoa eskertu nahi izan ditu: «Ekimen hau ez litzateke posible izango herritarren, elkarteen eta eragileen parte-hartzerik gabe. Haien inplikazioa ezinbestekoa da topaketak bizirik jarrai dezan, eta eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan egindako lanagatik».

Kulturartekotasuna eta elkar ezagutza, egitarauaren ardatz

Azaroaren 2tik 6ra, Kolore-truk merkatu txikia egingo da D’Elikatuzen, 11:00etatik 13:00etara; azaroaren 2an eta 4an, gainera, 17:00etatik 19:00etara ere izango da. Egitarauak, besteak beste, arrazakeriari buruz hausnartzeko bi solasaldi jasotzen ditu.

Azaroaren 3an, 18:30ean, D’Elikatuzen, ¿Crees que somos racistas? I solasaldia egingo da gaztelaniaz, Quinndy Akeju-rekin, Jabekuntza Eskolaren laguntzarekin. Azaroaren 4an, ordu eta leku berean, Arrazistak garela uste al duzu? II solasaldia izango da, Hajar Samadirekin. Bigarren saio hori euskaraz egingo da, itzulpen zerbitzuarekin.

Azaroaren 5ean, 17:15ean, D’Elikatuzen, Angolako ipuin kontaketa egingo da. Kicongo hizkuntzan (Angola), Nkewa ye Nlumba izeneko ipuina kontatuko dute Mertxe Aizpuruak eta Ciana Lutumbak, euskarazko Tximinoa eta erbia izenburuarekin. Jardueraren bidez, beste kultura eta hizkuntza batzuk ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Pintxo-pasaportea eta musika, kalean elkartzeko

Azaroaren 3an eta 4an, 19:00etan, 11 Zapore. Munduko Pintxo-Pasaportea ekimena egingo da, herriko tabernetan, musikaz girotuta. Hogei tabernak eman dute parte hartzeko baieztapena: Muñoz, Erle, Ipop, Kiko-enea, Zortziko, Alma, Moderno, Txola, Herrikoa, Illunpe, Pottoka, Leizea, Haizpe, Martinez, Olano, Geltoki, Orlegi, Zuhaizti, Urdin eta 19/90.

Azaroaren 6an, ostirala, kulturarteko harremanak sustatzeko beste hitzordu bat izango da. 18:30ean, Gudariak etorbidean, lehen aldiz, Solas-pintxo ekimena egingo da: pintxo bat hartu eta hamar minutuko solasaldia partekatzeko aukera izango da, Xenda-belarraren laguntzarekin. Ondoren, 20:00etan, Afrika Bibang artistaren kontzertua izango da Plaza Nagusian.

Munduko Arrozen Eguna, topaketaren hitzordu nagusietako bat

Azaroaren 7an, larunbatarekin, Frontoiak hartuko ditu eguneko jarduerak. 12:30etik 14:00etara, Munduko dantzak eta desfilea egingo dira auzoetatik erdigunera arte, eta 14:30ean Munduko Arrozen bazkaria izango da. Tiketak Nerea Tabernan (Otegienea), Magazine Romanesc (Buztuntza) eta Larratxan (erdigunea) daude salgai. Arrunatk 5 euroa eta haurrena euro batean. Arratsaldean, haurrentzako jolasak, 15:30ean bingoa eta musika eta dantza izango dira. 17:30ean, Grace and Victory Choir taldearen kontzertuak emango dio amaiera eguneko egitarauari.

Munduko Arrozen bazkaria topaketako jarduera esanguratsuenetako bat da, herrialde eta kultura ezberdinetako herritarrak mahai baten inguruan elkartzeko aukera eskaintzen duelako. Aurten hamaika lurralde animatu dira: Algeria, Bolivia, Ekuador, Ekuatore Ginea, Euskal Herria, Kolonbia, Mali, Nigeria, Pakistan, Mendebaldeko Sahara eta Valentzia.  Horrela, janariaren, musikaren, dantzaren eta solasaldiaren bidez, elkar ezagutzeko eta bizipenak partekatzeko guneak sortzen dira.

Kulturen Arteko Topaketaren hamargarren edizioak, beraz, Ordiziako kultur aniztasuna ospatu eta herritarren arteko harremanak sendotzeko gonbidapena egiten du. Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu egitarauko jardueretan parte hartzera eta, bakoitzaren ekarpenetik abiatuta, Ordizia irekiagoa, biziagoa eta anitzagoa eraikitzen jarraitzera.

WhatsApp Image 2026 10 26 at 13.51.57 1

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza