Europako Hondakinen Murrizketa Astea 2024
Ordiziako Udalak ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin, Europako hondakinen murrizketa astearekin bat egingo du. Hondakinak murrizteko hainbat neurri eta kanpaina jarri dira martxan urrian eta azaroan zehar, eta horien berri eman dute gaur Maitane Alvarez alkateorde eta trantsizio ekologikorako zinegotziak eta Laiakoop aholkularitzako Rosa Aurkiak. Besteak beste, Oria, Mariarats eta Amundarain errekak garbitu dira, gaikako bilketaren datuak eman dituzte, eta auzokonposta bultzatzeko hainbat berrikuntza egin direla azaldu dute.
Urrian zehar Oria eta Mariarats erreken garbiketa egin da, eta bi astetan, 1.900 kilo hondakin jaso dira. Maitane Alvarezen esanetan, "datu horrek bide onean goazela erakusten du, baino badugu erronka bat hor, datu hori urtetik urtera hobetzen". Amundarain errekaren garbiketa, berriz, Foru Aldundiak kudeatu du, eta bilketa horren datuak izan bezain laster zabalduko dituzte.
Hondakinen gaikako bilketari dagokionez, gaur egun Ordizian %76 biltzen da gaika, eta %24 doa errefusara. "Hor igoera txiki bat izan da 2024an eta honek ere jarraipena egin behar izatea eskatzen du; lurrean aurkitzen dugun poltsa kopuru handia da oraindik, eta hori ere hobetu behar da". Zentzu horretan, punturik beltzenak identifikatu eta kanpaina bat jarri da martxan, urte bukaera bitartean. "Puntu hoietan azterketa sakonagoa egingo da, eta espero dugu horrekin egoera hori hobetu ahal izatea".
Auzokonpostaren kanpaina
Ordizian duela hainbat urte jarri zen martxan auzokonposta egiteko sistema. Lehen urteetan ondo funtzionatu bazuen ere, azken urteetan beherakada nabaritu dute, eta berraktibatu egin nahi dute orain. Horretarako, eta materia organikoarekin konposta egiteak dituen onurak azaltzeko, kanpaina bat antolatu dute. Alvarezek azaldu du "herrian auzokonposta egiteko ditugun hiru guneak txukundu" egin direla, eta datorren urte hasieran martxan izatea dela udalaren asmoa. Sisteman hainbat aldaketa egin dituzte, eta Sasietak arduradun bat jarriko du auzokonposta guneak zaindu eta kudeatzeko. Berrikuntza horiek azaltzeko, bilera informatiboak antolatu dituzte asteazken honetarako, hiru konposta guneetan. "Herriko familiak gerturatzea eta izena ematea nahi dugu, batetik lehen baino errazagoa izango delako, eta bestetik, organikoaren kudeaketarekin zirkuloa ixtea lortzen dugulako, konpost hori etxeko lorategian edo herriko puntu berdetan erabili daitekeelako gero". Hori dela eta, herritarrak animatu ditu bilera horietan parte har dezaten.
Udalak Sasieta Mankomunitatearekin elkarlanean martxan jarriko duen konposta egiteko sistema berria azaltzeko, herriko hiru konposta guneetan bilerak egingo dira, asteazkenean, azaroak 20:
- 17:00 Eskarabillako konposgunea
- 17:30 Araba parkeko konposgunea
- 18:00 Bilordi parkeko konposgunea
Garbi jokatu kanpaina
Bestetik, Sasieta Mankomunitateak 'Garbi jokatu' kanpaina jarri du martxan, bilketa zerbitzuen erabilera egokiaz kontzientziatzeko. Kanpainaren helburua herritarren arreta piztea da eta, ahal den neurrian, hondakinez betetako poltsak lurrean uztea eta etxeko tresna handiak ateratzeko ezarritako egutegia ez errespetatzea saihestea.
Une honetan Sasieta Mankomunitateak Gipuzkoako gaikako bilketa eta birziklatze indizerik altuena du eta oso eskertuta dago herritar gehienek egiten duten ahaleginagatik. Hala ere, datu on hori ez dator bat, edukiontzien edo kuboen puntu batzuen ondoan gutxi batzuen gizalegearen kontrako jarrerak eragindako zikinkeriarekin.
Hala, batetik “Garbi jokatu, bereizi hondakinak, sartu dagokion ontzian eta atera ezazu kalera egutegiaren arabera” dion diptikoa banatu da etxez etxe. Bestetik, jarraian zehazten diren bi kaleetan panelak eta kartelak jarri dira:
- Goierri kalea: Azaroaren 12tik 19ra.
- Gudarien etorbidea: Azaroaren 12tik 19ra.