Irailaren 7an hasi eta hilaren 15 arte ospatuko dira Euskal Jaiak Ordizian. Aurreko urteetan bezala, egitaraua oparoa izango da aurten ere. Besteak beste, datorren asteazkenean, irailak 11, egingo den aparteko azoka eta aurtengoan bere LI. Urteurrena beteko duen latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa azpimarratu behar ditugu.

Gaur, Ordiziako plazan egindako aurkezpenean eman da aurtengo egitarauaren eta aparteko azokaren nahiz gazta lehiaketaren berri. Ekitaldian parte hartu dute Adur Ezenarro alkateak, Azahara Dominguez Gipuzkoako Turismo Diputatuak, Garbiñe Etxezarreta Kutxa Fundazioko ordezkariak, D'Elikatuz Zentroko Leire Arandiak, HEBE elkarteko Enaitz Ibabek eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek. 

Euskal Jaietako aparteko azokan, giro aparta izango da aurten ere, eta goiz osoan zehar era guztietako lehiaketak eta erakusketak ikusi ahal izango ditu bisitariak.

Azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileak URREZKO KUTXA GARAIKURRA irabazteko aukera izango du. 2.009. urtean irabazi zuen garaikurra lehenengo aldiz Elgoibarko Jesus Mª Ansolak, 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzaiak bigarrenez eta 2023an Segurako Ondarre Gaztandegiko Eneko Goiburuk hirugarrenez. Aurtengoan “S.C. Kortaria” gaztandekiko Julen Arburua (2018,2019) da garaikur hau irabazteko aukera duena.

Iraileko azoka berezi honetan bestelako lehiaketa eta erakusketak ere antolatu dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia. Ordiziako Euskal Jaiei buruzko informazioa aurki daiteke webgune honetan: www.ordiziakoazoka.eus.

ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO GAZTEN LI. LEHIAKETA

Aurtengoan bere LI. Ekitaldia ospatzen duen lehiaketa herrikoi hau Beti – Alai pilotalekuan izango da. Izen eman duten artzainek Idiazabal Jatorrizko Izendapena edo Artzai Gazta elkarteetan aurkeztu beharko dituzte gaztak irailaren 9rako, 12:00ak baino lehen, orduan amaituko baita izen emateko epea.

Gaztak Ordiziako D’Elikatuz Elikadura eta Gastronomia Interpretazio Zentroan jasoko dira irailaren 11an; eta goizeko 8:45etan gaztak Beti Alai pilotalekura eramango dituzte dantzari, trikitilari eta dultzaineroek sortutako giroan eta desfile bat egingo da artzain, agintari, epaimahaikide eta Kofradiako kideekin.

Lehiaketa, goizeko 10:00etan hasiko da eta, eta hainbat sukaldari, gastronomia-adituk eta kazetarik osatuko du epaimahaia, Pedro Subijana Lehendakari dutela.

Arratsaldeko 13:30ak aldera jakingo dugu artzain irabazleak nor diren eta, ondoren, saritutako gazten enkantea egingo da. Hori izango da, hain zuzen ere, aurtengo berrikuntza nagusietako bat. Izan ere, frontoian bertan daudenek ez ezik, munduko edozein bazterretatik hartu ahal izango da enkantean, aurten online modalitatean parte hartzeko aukera zabalduko baita.

Enkantean modu birtualean parte hartzeko, aurrez eman behar da izena. Horretarako, https://enkante.eus/erregistroa webgunean sartu eta eskatzen diren datuak bete behar dira.

Egunean bertan, bai enkantea eta baita lehiaketa osoa ere, streaming bidezko zuzeneko seinalearen bidez jarraitu ahal izango da.

Bestalde, 2014. urteaz geroztik gazta-lehiaketan irabazle izan diren artzainen gazten salmenta puntuak, Beti-Alai pilotalekuko frontoi txikitira itzuliko dira aurten.

AGIRIAK:

Euskal Jaietako egitaraua

Dossierra: Euskal Jaietako Azoka