La Leze gaztandegiak irabazi du Ordiziako LI. Gazta Lehiaketa
Gaur goizean zehar jokatu da Latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez artzainek egindako LI. Gazta Lehiaketa, Ordizian. Bertan, LA LEZE gaztandegia (Ilarduia, Araba) izan da garailea (2608,5 puntu). 2022an ere irabazi zuten lehen saria, eta horrenbestez, datorren urtetik aurrera Kutxaren Urrezko Garaikurra irabazteko hautagai izango dira.
Eli Gorrotxategi beasaindarrak eta Jose Mari Jauregi lazkaotarrak sortu zuten La Leze gaztandegia, eta egun, seme-alaben laguntzarekin dihardute artzaintza eta gaztagintza lanean. Gustura jaso dute saria, eta “lagunekin eta familiarekin” ospatuko dutela azaldu dute.
Bigarren saria Kortaria Gaztandegiak (Lekaroz, Nafarroa) irabazi du (2523 puntu), eta hirugarren postua Ondarre Gaztandegiarentzat (Segura, Gipuzkoa) izan da. (2462,5 puntu). Laugarren eta bosgarren postuak, berriz, Egozkueko Loperena eta Abadiñoko Urien gaztandegientzat izan; 2462,5 eta 2390 punturekin, hurrenez hurren.
Aurtengoan, 47 izan dira lehiaketara aurkeztu diren gaztak. Datu moduan, lehen bost sailkatuetatik lau gazta ketuak izan dira, eta bakarra ketu gabea. Irabazlearen izena jakin bezain laster enkantea hasi da, eta gazta erdia 5.000 euroan erosi du Comercial Azkue egoitza Usurbilen duen gastronomia eta banaketa enpresak. Josema Requena ordiziarra izan da enpresaren izenean enkantean parte hartu duena, eta “ordiziar bezala, ilusio berezia” egiten diola azaldu du.
Euskal Jaietako azoka beti da berezia, eta gaur ere Ordiziako kaleak jendez beteta ikusi ditugu. Gazta lehiaketaz gain, fruitu eta barazki eta ganadu lehiaketak ere egin dira, eta hemen dituzue sailkapenak.
- Asteroko azokako baserritarren postuei aipamenak
- Fruitu barazki eta euskal oilo lehiaketak
- Gipuzkoako pirenaika txapelketako saridunak