UZTA, azokako ekoizle eta erosleen arteko komunikazioa hobetzeko tresna
Ordiziako Azokako ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko informazioa errazteko asmoz, UZTA proiektua aurkeztu da gaur. BCC Innovationek eta Hispavistak garatu dute erreminta berria; ekoizleek whatsapp bidez bidaliko dute azokara eramango duten produktuen zerrenda, eta kontsumitzaileek aurrez jasoko dute informazioa, difusio kanal ezberdinen bidez, modu eraginkor eta erakargarrian.
Basque Culinary Centre-eko gastronomia eta teknologia zentroa da BCC Innovation, eta Hispavista software garatzailearekin batera garatu dute tresna berri hau. Helburua Euskal Herriko azoka ezberdinetan aplikatzea da, baina Ordiziako Azoka aukeratu dute lehen probaldia egiteko. Ainhoa Juaristi BCC Innovationeko produktu garatzaileak azaldu duenez, “UZTAk azoketako produktuen kudeaketa hobetu eta informazio zehatz eta eguneratua eskaintzeko aukera ematen du, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko komunikazioa erraztuz”. Era berean, merkatuen digitalizazioaren bidean aurrerapauso bat dakar erreminta honek. Hala, ekoizleei haien produktuen kudeaketa sinplifikatua eskaintzen die, whatsapp testu edo audioen bidez, eta ikusgarritasun handiagoa eskaintzen die, informazio hori modu automatikoan erabiltzaileei helaraziz.
Adur Ezenarro alkateak azaldu du udalaren azken urteotako helburua “azokaren etorkizuna bermatzeko ahalik eta eskuhartze gehien egitea eta ahalik eta laguntza eta sinergia gehien lortzea” dela azaldu du; bide horretan kokatu ditu azokako plaza eraberritzeko lanak, azokako produktuak jasotzeko jarriko diren takila berriak, eta baita UZTA erreminta ere. “Guztion esku dago azokaren etorkizuna, eta bide horretan teknologia berriek izugarri lagundu dezakete”.
Gaur Ordiziako asteroko azokarekin batera egin den jendaurreko aurkezpenean, Leire Arandia D’Elikatuz zentroko zuzendari eta Ordiziako Azokako dinamitzatzaileak, Iñaki Intsausti azokako ekoizlearekin hitz egin du, erreminta berriaren inguruan. Intsaustik azpimarratu du “azokara goizetan betiko etxekoandreak etortzen direla, eta beste perfil batengana iritsi nahi bada, beste sistema edo salmenta modu bat” probatu behar dela. Zentzu horretan, teknologia berriek lagundu dezaketela uste du. Berak, adibidez, dagoeneko jarria du whatsapp denda, eta hainbat bezerok bertatik egiten dizkiote eskariak.
Nola funtzionatzen du UZTAk?
Hispavista etxeko Iker Barrenak, UZTA erremintaren teknologia eta funtzionamendua azaldu ditu. Ekoizleek whatsapp mezu baten bidez (testua edo audioa) hurrengo azokarako prest dituzten produktuen berri emango dute. Erremintak datu horiek jaso eta adimen artifizialaren bidez, informazio hori automatikoki antolatu eta modu argi eta intuitibo batean aurkezten du. Informazio hori kontsumitzaileei iritsiko zaie, komunikazio plataforma ezberdinen bidez. Honek, azokan dauden produktu eta berrikuntzak modu bisual batean ezagutzeko aukera ematen die kontsumitzaileei, erosketa planifikatu ahal izateko, eta bide batez, bertako ekoizleei babesa emateko.
UZTA proiektuak, Diara Design eta Enraiza Derechos taldeekin elkarlanean jardun du. Lehenak gertuko merkatuen beharretara egokitutako erremintaren diseinu eta garapen erakargarri eta irisgarri bat sortzen lagundu du. Bigarrenak, berriz, gaztetxoenen artean jakien aprobetxamenduaren eta ahalik eta hondakin gutxien sortzearen inguruko antzezlana egin du, herriko ikastetxeetako haurrei zuzenduta. Egitasmo hau Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du, lurraldeko lehen sektorearen garapen jasangarria eta berrikuntza teknologikoa bultzatuz.