Larunbat honetako jokatuko da Ordizia Meeting-aren VIII. edizioa. Jose Antonio Peñaren omenezko atletismo proba gero eta sona handiagoa hartzen ari da nazioarte mailan, hein handi batean, biltzen dituen atleten mailak ere gora egin duelako azken urteetan. Aurten hainbat berrikuntza izango ditu, gainera. Batetik, atleten erritmoa markatzeko argiteria sistema berria jarriko da; gainera, goi mailako atletez gain, benjamin eta alebin mailako probak ere izango dira. Altamira estadioan izango da meeting-a, larunbat arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara. Saioa streaming bidez jarraitu ahal izango da Txindoki Atletismo Taldearen youtubeko kanalean, eta aurten, Euskal Telebistak ere emango du proba, igandean, 15:00etan. 

Txindoki Atletismo Taldeko Eneko Agirrezabalek azaldu duienez, Ordiziako Meeting-a "urtez urte joan da handitzen" eta hori atleten kalitatean ez ezik, probak duen oihartzunean ere nabaritzen da. Aurtengo berrikuntzei dagokionean, argiteria berriarena "instalazio berezia" izango dela azaldu du; "meeting batean estatu mailan probatzen den bigarren aldia" izango da Ordiziakoa. Sistema horren helburua, "argiaren erreferentziarekin atletek erritmoa hobeto jarraitzea" da. Argiteria horri eta ikuskizunari garrantzia gehiago emate aldera, ordutegia ere aldatu da aurten, eta proba ohi baino beranduxeago hasiko da. Bestetik, aurten 5 euroko sarrera jartzea erabaki dute. "Sarrera sinbolikoa da, baina atzetik dagoen lan guztia aitortzeko modua" dela uste dute antolatzaileek.

Jon Ander Caballero Ordiziako kirol zinegotziak ere Meeting-ak "urte hauetan eman duen saltoa" azpimarratu du. "Ordiziaren izena Euskal Herrian eta estatu mailan ere, batez ere atletismo munduan, ahoz aho ibiliko da asteburuan, eta Ordizia bezalako herri batentzat garrantzitsua da horrelako puntako atletismo proba bat izatea". Ordiziak "atletismo munduan garrantzia" betidanik izan duela azaldu du, eta gogorarazi du 70eko hamarkadan lehen atletismo pista egin zenetik, egungoa laugarren pista dela. Bide horretan, "Peñak berak, Txato Caballerok, Josetxo Imazek eta beste batzuek egindako lana" azpimarratu nahi izan du, eta haiek hasitako bidetik, oraindik ere harrobia lantzeko egiten den lana goraipatu.

Ekitaldian, probaren babesle diren Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Beasaingo Udaleko eta Laboral Kutxako ordezkariek ere hartu dute parte. Donostiako Aquariumeko Xabier Lasaga ere bertan izan da, Bihotz Urdina proiektua aurkezten. Izan ere, Ordiziako probarekin bat eginez, proiektua Ordizian aurkezteko aprobetxatuko dute. "Ordiziako probak, atletismoaz gain, berdintasuna, gazteria eta elkarlana bezalako baloreak transmititzen ditu, eta testuinguru horretan gure proiektua azaldu nahi diegu gazteei eta haien familiei". Horretarako, sarreran pankarta bat jarri eta "itsasoa estadio barrura eramaten" saiatuko dira, Aquariumeko hainbat hezur, oskol eta bestelako ikusgarri bertan kokatuta.