LGBTI+ Harrotasun Eguna Ordizian
Gaur ekainaren 28an LGBTI+ harrotasunaren egunean, harro gaudela aldarrikatu nahi dugu. Ordiziako Udalak urteak daramatza gai honen inguruko kontzientzia lantzen, eta aurten ere, hainbat ekimen bultzatu ditu:
Udaberrian zehar, Udaberria Transloratzen zikloa aurrera eraman dugu laugarren urtez. Ordiziako Udalak duela lau urte hartu zuen ziklo hori martxan jartzeko konpromisoa, baina ez ekintza isolatu gisa, urtero gure agendetan presentzia izango duen sentsibilizazio eta formakuntza ekimen moduan baizik.
Ziklo horren bitartez, Trans errealitateari ikusgarritasuna emateaz haratago, gure gizartean isilduak izan diren kolektiboei ahotsa emateko konpromisoa hartu dugu urtez urte.
Harrotasunaren Egunaren harira, duela urte batzuk zebrabide honen bidez gaiari herrigunean ikusgarritasuna eman zitzaion bezala, aurten beste urrats bat eman nahi izan dugu, herrigunean eta modu ikusgarrian adieraziz, Ordizian ez dugula inolako erasorik onartzen, eta garbi azalduz eraso sexistask eta LGTBI+fobikoak gaitzesten ditugula.
Pauso eta ekimen hauek guztiak, lanketa konsziente baten barruan kokatzen ditugu. 2023. urtean Ordizian burututako LGTBI+ diagnostikoaren markoan, hain zuzen. Diagnostiko hartan, ordiziar ugari parte hartu zuten, eta ondorio ugari atera genituen.
Diagnosi horren bidez jaso genuen, besteak beste, herriko kaleetan LGTBI mugimenduaren ikusgarritasun falta somatzen zela, eta baita espazioaren okupazioaren inguruko hausnarketa bat ere.
Bide horretan, gaurkoa keinu txiki bat da. Baina, atzo Udalbatzaren osoko bilkuran onartutako adierazpenean azaldu genuen moduan, diagnostikotik ekintza planera pasatu behar da orain. Dagoeneko egiten diren ekintzak indartuz eta errotuz, izan Berdintasun sailetik kudeatzen ditugunak, Udaberria Transloratzen zikloaren baitakoak... baina baita, eta batez ere gainontzeko sailetan, begirada hau beti presente izanik eta gure eguneroko ekintzetan jarrera sexista eta LGTBIfobikoak ekidingo dituzten ekintza eta eskuhartzeak bideratuz.