Euskaraz Bizi kanpainaren barruan, aurten ere euskara ikasteko edota maila hobetzeko ikastaroak doan eskainiko ditu Ordiziako Udalak.

Dirulaguntza hauek lortzeko, hainbat baldintza bete behar dira: Ordizian erroldatuta egotea, hamasei urte beteta izatea eta gutxienez %80ko asistentzia. Hala bada, matrikularen %100a ordainduko du udalak (beti ere, urteko gehienkoa 500 eurokoa izanda, 650 barnetegien kasuan).

Euskaltegien bidez ez ezik, lan mundutik ere bultzatu nahi da euskara ikastea. Hala, Ordizian erroldatuta egon gabe ere, egoitza Ordizian duten eta Euskara Plana martxan jarria duten lantegietako langileek ere lortu ahal izango dituzte laguntzak. Baita udalarekin euskara bultzatzeko hitzarmenen bat sinatua duten merkataritza establezimenduetako langileek edo kirol entrenatzaile eta begiraleek ere. Kasu horietan, matrikularen %85a itzuliko zaie ikasleei.

Euskaltegiak izen-emate kanpaina betean daude irailean, eta udaleko euskara sailetik, jendea animatu nahi dute. Goierrin dagoen euskaltegi sareak euskara ikasteko hainbat aukera eskaintzen ditu. Ordizian bertan, Goiztiri AEK euskaltegia dago; Beasainen, Udal Euskaltegia eta Goiztiri AEK; eta Lazkaon, Maizpide Euskaltegi-Barnetegia.

Euskara ikasten ari direnek, berriz, Mintzalaguna egitasmoaren bitartez ahozko euskara lagun giroan praktikatzeko aukera ere badute. Ekimen honetan parte hartzeko, Hitzaro Euskara Elkartera jo daiteke.

Informazio hau guztia jasotzen duten 400 eskuorri argitaratu ditu Udalak, eta egunotan banatuko ditu Ordiziako etxebizitzetan.

WhatsApp Image 2024 09 18 at 08.05.21