Gipuzkoako Foru Aldundia Ordizia, Beasain eta Zumarragako alkateekin bildu da aste honetan, Goierri eta Donostia lotuko dituen autobus linea berriaren proiektua aurkezteko. Linea hori Lurraldebusen zerbitzuan sartuko litzateke, eta egunero eskainiko luke Goierri eta hiriburua lotzeko zerbitzua. Udal horiek eta hainbat herritarrek egindako eskaerei irtenbidea eman nahi zaie horrela.

Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, “ordiziar eta goierritar askoren eskaera da, eta baita aldarrikapen historikoa ere, Goierri baita eskualde bakarra Donostiarekin zuzeneko autobus loturarik ez duena”. Ondo bidean, linea berria datorren urtetik aurrera izango da martxan. “Espero dezagun proiektu hau errealitate bihurtzea eta herritarren eskaerari erantzuna ematea”.

Linea berriak, astelehenetik ostiralera orduero izango lituzke autobusak, 06:00etatik 21:00etarako ordutegian. Asteburuetan berriz, bi orduz behin, 08:00etatik 22:00etara bitartean. Autobusa Zumarragatik abiatuko da, eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan egingo ditu geldialdiak; Donostian, berriz, Ibaeta auzotik sartu eta unibertsitateetan, Benta Berrin eta autobus geltokian geldituko da.