Iaz mendeurrena bete ondoren, Ordiziako Klasikoaren antolatzaileak prest dira 101. edizioari aurre egiteko. Urtero bezala, Santa Ana jaiekin batera jokatuko da proba, uztailaren 25ean. Gaur, Txapel Gorri elkartekoak, Adur Ezenarro alkatearekin eta probaren babesle diren Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Diario Vascoko ordezkariekin agertu dira prentsaurrean, proba aurkezteko.

Adur Ezenarrok eskerrak eman dizkie antolatzaileei, urtez urte horrelako proba bat prestatzeak suposatzen duen ahaleginagatik. Eta errelebo aldaketa ere nabarmendu du, ezinezkoa delako ehun urte bete dituen proba bat belaunaldi aldaketarik gabe posible egitea.

Txapel Gorri elkartekoek ere, probari emandako babesa eskertzearekin batera, urtez urte dituzten zailtasunak eta beharrak aipatu dituzte; batetik, ekonomikoki gero eta garestiagoa delako horrelako proba bat antolatzea, eta bestetik, beti dagoelako boluntarioen eta antolaketarako jendearen beharra. Zentzu horretan, herritarrak animatu nahi izan dituzte, bai egunean bertan, eta baita batzordean eta antolaketa lanetan parte hartzera. 

Aurten guztira 19 taldek parte hartuko dute, horietatik 6 World Tourrekoak (Cofidis, Astana, Movistar...), 8 Pro-Teamekoak eta beste 5 interkontinental mailakoak. Txirrindulari ezagun ugari izango dira aurten ere, tartean Ordizian eta Goierrin oso ezagunak eta maiteak diren Gorka Izagirre eta Alex Aranburu. Ibilbideari dagokionean, ohiko 5 itzuliak egingo dituzte Amezketatik, eta hiru aldiz igoko dute Altzoko gaina. Helmuga, aurten, Gudarien etoribidean izango da, atzera ere.