“San Bartolome guretzako, ordiziarrontzako, leku garrantzitsua da. Egindako indusketa lanek agerian utzi dute Villafrancako hiribildua sortu aurretik San Bartolome eliza bertan zela frogatzen dute, eta beraz, hemen uste baino aspaldiagotik bazeudela elkartzen ziren giza-taldeak”, nabarmendu du Manex Berzosa, kultura zinegotziak.

Gure Iragana taldea osatzen duten Nerea Iraola eta David Canok burutu dituzte lan hauek, Iosu Etxezarragarekin batera.

“Aurtengo lanen helburua zen beste urteetan topatutako horien jarraipenak, aztarnak, gaur egungo ermitaren barnean topatzea. Batez ere, XIV. mende hasieran egin zen Elizaren hormak topatzea, zituen dimentsioak zeintzuk ziren jakiteko. Hilobiak ere espero genituen”, nabarmendu du.

Indusketa lanak egiteko aurreko urteetan egindako lanak izan dituzte oinarri. Hala, hainbat aurreikuspen bazituzten: “Bagenituen pista batzuk. Horma batzuen oinarriak jartzen zituzten zanga batzuk espero genituen, bat XV. mendeko Elizari zegokiona, eta beste eremu bateko lurra ere gorrituta zegoen, brontze zati batzuekin… eta pentsatzen genuen kanpaia bat urtzeko labea edo instalakuntzaren bat izango zela”, gehitu du. Hala, lanek emaitzak eman dituzte: “alde batetik, gure susmoak baieztatu dira eta XIX. mendean ingurune hau asko aldatu zen. Erdi Aroaren bukaeratik XIX. mendera arteko geruzak ez daude horren osatuta eta zaila egiten zaigu interpretatzeko. Hala ere, beste aztarna interesgarri batzuk atera dira. Batetik, kanpaia egiteko labe baten aztarnak topatu ditugu, baita labe horiek molde moduan egiten ziren, moldea egin eta brontze urtua botatzen zen bertara: molde hori egiteko zuloa topatu dugu. Nahiko ikusgarria da, metro eta pikoko sakonera du, eta kanpainaren oinarria izango zena hor gelditu da”.  

Ezagutzen ez genuen horma baten aztarna ere topatu da, oso zabala. Hala azaldu du Etxezarragak: “Bilatzen genuen XIV. mendeko horma horren aztarna izan daitekeela uste dugu. Uste genuen ermitaren barnean egongo zela Eliza horren buru aldea, baina ez dugu ermitaren barnean topatu. Eliza hori uste genuena baino handiagoa zelakoan gaude”.

Hilobia

Kanpaia

 

 Erdi Aroko aztarnei dagokionez, hilobi bat behintzat topatu dute, osorik. “Buztinetan egina, ehorzketa baten aztarnak, oso kaltetuta zegoena; hortzak ere bai, eta pertsona heldua zelakoan gaude. Hau izan daiteke XII-XIII. mendeko hilobi bat, buruaren bi alboetara harri bana dutelako eta halako urteetan hori egitea ohikoa zen. Beste hutsune zabal bat ere topatu da, hilobi bat baino zabalagoa, eta ez du hezurdurarik bertan. Ziur ez dakigu zer den, hilobi bat bai baino ez dakigu zergatik zuen tamaina hau, adibidez”.

Hilabete eta erdi iraun dute indusketek. Hala ere, proiektua bi urtekoa da, eta lehen fasean indusketa lanak burutu dira. Bigarren zatian, sortutako dokumentazio eta material guztia txukun jarri eta txosten osoa egingo dute.

2012an hasitako bidea

San Bartolome ermitaren inguruko ikerketa programa 2012an hasi zen, Iosu Etxezarragaren eskutik. Gipuzkoako Erlijio Guneetan ikerketa arkeologikoak modu sistematikoan egiteari ekin zion 2010ean, honen bidez tokian-tokiko populaketaren epe luzeko aldaketak atzematen saiatzeko, tenplu katolikoak horretarako aukera paregabea zirela iritzita. Ikerketa ildo honetan, 10 urteren buruan, 20 ermita ingurutan lur erauzketadun arkeologia esku-hartzeak, hots, miaketa eta zundaketak, egin ditu Gure Iragana taldeak. Lan hauen laurdenean Goi Erdi Aroko edota lehenagoko aztarnak azaleratu direlarik.

Iazko urtean hasi eta aurten amaitu dira ermitaren barrualdeko eremuaren zati handiena induskatzeko lanak. Lan hauen bitartez 1300 ingurutik 1450 aldera zutik zegoen Elizaren burualdearen aztarnak agertzea espero zen, baina hori ez da topatu. 2018ko ekinaldian egindako miaketei esker, ikerlariek ondorioztatu zuten ermitaren erdiko ardatza osatzen duen igarobidearen azpian dagoeneko XIII. mende amaierako elizaren ipar hormak ez duela jarraipenik eta bai ordea XV. mende amaierakoak. Beraz, korridore horren eta gaurko mendebaldeko hormen artean behar luke itxitura zaharrak, tenpluaren gainontzeko paretek osatzen duten eremuaren proportzioak kontuan izanik.

Bestalde, lan hauekin ermitaren garapena ezagutzeko egin beharreko esku-hartze nagusiak amaitutzat eman dira eta, beraz, antzinako San Bartolome ermitako arkeologia ikerketaren landa lanei amaiera emango zaie. Hori dela eta indusketaren azken txostena burutzea izango da biurteko fase honen beste jarduera nagusia. Lan honek aztarnategiaren inguruko argitalpen berriak egiteko balioko die.

Bide oparoa

San Bartolome ermitan egindako aurreko ekinaldien emaitzei dagokienez, lehen esku-hartze hartan zenbait datu interesgarri lortu ziren. Batetik, gaurko tenpluaren hormetako bat gainontzekoak baino antzinakoagoa zela jakin zen eta XV. mendearen bigarren zatian datatu zen. Gainera, eraikuntza horrek, gaurkoarekin alderatuta, bestelako orientazioa zuela ere susmatu zen, gaur egun absidea hego-hego-ekialdera baitu eta ez Erdi Aroan ohi zen moduan, ekialde ingurura.

Hurrengo urteetan, Ordiziako hiribilduaren inguruan egindako ikerketei esker, Nerea Iraola eta David Canok San Bartolome ermitaren inguruko artxiboko datu gehiago lortu dituzte, batez ere Aro Berrian eraikuntzak jasandako garapena azaltzen dutenak. Alde honetatik, tenpluaren barneko antolaketa (aldareak, korua, eta abar) eta beroni atxikitako bestelako etxebizitzak identifikatzea lortu dute. Hala, 2018an, arkeologia ikerketari beste bultzada bat ematea lortu zen. Barruko lanak Iosu Etxezarragak zuzendu zituen, bertan XIX. mende erdialdean eraitsitako elizaren beste aztarnarik gelditzen ote zen jakiteko. Kanpo aldean Ander Arreseren laguntza jaso zen, hondeamakinaren laguntzaz ermitaren inguruan eraikuntzen aztarnarik gelditzen zen jakite aldera. Lan hauen aurretik irakurketa geofisikoa egin zen bi eremuotan eta honek indusketa estrategia doitzen lagundu zuen.

Emaitzak oso esanguratsuak izan ziren. Batetik, kanpoaldean, antzinako elizaren burualdea eta oinetako hormak azaleratu ahal izan ziren. Gainera, eraikuntza aldi bat baino gehiago dokumentatu ziren. XV. mendearen bigarren erdian eraikitako elizaren paretez gain, aurreko tenpluarenak ere azaleratu ziren. Hauen datazioa XIII. mende amaierakoa izan zen.

Bestalde, barnealdean, zimendu zangak, kanpai moldea eta hilobi baten aztarnak dokumentatu ziren. Giza-aztarnak bigarren mailako testuinguruan azaldu ziren, kanpaiaren hobiak moztuta. Hala ere, 1117-1222 urteen artean (%68,5eko ziurtasunaz) hildako pertsona bati zegozkiola jakin da. Beraz, orubean garai hartako beste tenpluren bat bazela ondorioztatzen dugu.

2020-2022

2020an eta 2022an antzinako elizaren oinaldeko eremu ia osorik induskatu ziren. XX. mendeko hondakinez beteriko geruzak azaldu ziren eta batzuetan metrotik gorako lodieran. Baina XV. mendeko elizaren barnealdeko lurzorua eta aurreko elizenak ere erauzita zeuden.

Aipatzekoa da XII. mende inguruan bertan zegoen tenpluaren aztarna arkitektoniko guztiak desagertuak direla, ziurrenez XIII. mende amaierako eta XV. mende bukaerakoak eraikitzean egindako hondeaketak direla eta. Hala ere, azken bi eraikuntza horien eta ondoren konponketei dagozkien hormak dokumentatu ziren eta haien arteko harremanak eta hurrenkera krono-estratigrafikoak identifikatu ziren. Inguruaren topografiaren aldaerak ere ezagutu ziren. Material arkeologikoei dagokienez, gehienak nahastuta azaldu ziren arren, aipagarrienak XI-XII. mendean beste lekuetan azaltzen diren zeramikazko ontzi zatiak dira. Hala ere, ezin ahaztu XIII. mende amaierako elizaren zangetan topaturiko kare-mortero geruza zatiak, marra gorri eta beltzez apainduak.

Aztarna hauek aurreko eliza baten parte ziren eta honen egiturak desagertuta dauden arren, nolakoa zen interpretatzeko aztarna oso baliagarriak dira. Aipatu beharra dago, gainera, garai hartako elizetako margoei dagokienez Gipuzkoan ez zegoela orain arte inongo arrastorik eta, beraz, bakunak direla ikuspegi artistikotik ere.

Azken urte hauetako esku hartzeei esker jakin da XV. bigarren erdialdean egindako berreraiketan elizaren zabalera eta luzera dezente handitu zela eta ikusi ahal izan dugu hegoaldeko partean iparraldekoan baino gehiago zabaldu zutela eliza. Ondorioz, bi elizek ez zuten ardatz nagusi bera jarraitzen. Oinetako edo mendebaldeko pareta, berriz, mantendu egin zuten, baina hego-mendebaldeko izkina eraitsi eta hego partera luzatu ahal izateko aldaketak egin zizkioten. Bestetik, San Bartolome ermitari loturiko nekropoliaren aztarna gehiago ere agertu da.

Guztira 5 hilobi topatu dira 2018 eta 2022 arteko ekinaldietan. Horietako 4 hobi soiletan ehortzi zituzten eta bat, ziurrenez, hormatxoz osatutakoa (kanpai moldeak suntsitu zuen hein handi batean). Bertan topatutako aztarnak XII. mendean hildako pertsona batenak ziren eta Villafrancako hiribildua sortu aurretik San Bartolome eliza bertan zela frogatzen dute. Bestalde, hobi soiletako bat XV. mendeko burualdearen inguruan egina zen eta beste biak ipar mendebaldean, bata bestearen gainean.