‘SASKI SOLIDARIOA’, BEHAR GEHIEN DUTENENTZAT
Herriko ikastetxeak, Zuhaizti gizarte zentroa eta Ordiziako Udala elkarlanean garatu dute 'Hiri Hezitzailea' proiektuaren barruko ekimen hori
Bigarren urtez 'Saski solidarioa' izeneko ekimena ari dira aurrera eramaten Urdaneta-Oianguren eta Jakintza ikastetxeak, Zuhaizti gizarte zentroa eta Ordiziako Udala. 'Hiri hezitzailea' proiektuaren barruko kanpaina honen helburua behar gehien duten pertsonei laguntzeko elikagaiak biltzea da. Bildutako elikagai guztiak Caritasi emango dizkiote ekimena bukatzen dutenean.
Astelehenean aurkeztu zuten ekimena Belen Maiza Udaleko Gizarte Ongizate zinegotziak, Jabier Barandiaran Zuhaiztiko idazkariak eta Jakintzako Ikastolako eta Urdaneta-Oianguren institutuko ikasleak, Barrenan egin zuten prentsaurrekoan. Ordiziako Caritasen izenean Jose Manuel Otegik hartu zuen parte. Otegiren esanetan, aurten 300 lagun baino gehiago pasatu dira Ordizia Caritasen egoitzatik, eta eskerrak eman zizkien bilketan aritu diren guztiei.
Belaunaldien arteko elkar ezagutzea eta balore transmisioa egotea da 'Hiri hezitzailea' proiektuaren helburuetako bat, eta ekimen hobekin gazteek elkartasunaren balioa zer den ikasten dutela adierazi zuen Maizak. Segidan, Zuhaizti zentro sozialean duten saski erraldoia ikustera joan ziren. Lau urte dira elikagaiekin saskia osatzen dutela gizarte zentroan, eta Barandiaranen arabera, aurreko urteetan baino gehiago bildu dutela aurten.