2014-10-09 zurrumurruGaur zortzi hasita, migrazioari eta aniztasunari lotutako hitzaldiak egingo dira datozen lau ostegunetan

Ordiziako Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek parte hartu dute kanpainaren aurkezpenean

Ordiziako Udaleko Migrazio eta Aniztasun sailak antolatuta, eta SOS Arrazakeriak bultzatutako 'ZurrumurruEZ!' kanpainaren barruan, gaiari lotutako lau hitzaldi egingo dira Ordiziako Barrena kultur etxean datozen lau ostegunetan. Igor Eguren alkateak, Belen Maiza Kultura eta Gizarte Ongizate zinegotziak, Jose Migel Santamaria EAJren bozeramaileak, Iñaki Dubreuil PSE-EEren bozeramaileak eta Ainara Ormaetxea migrazio eta aniztasun teknikariak parte hartu dute gaur goizean udaletxeko pleno aretoan egin den aurkezpenean.

Hona hemen, hitzez hitz, gaurko agerraldian plazaratu den testua:

"Dakizuenez, joan den udaberrian, Ordizia, Gipuzkoako beste zenbait herrirekin batera (Zarautz, Tolosaldea, Eibar, Hernani, Astigarraga eta Errenteria) eta SOS Arrazakeriak bultzatuta, ZurrumurruEz! Sarean sartu ginen eta beste herrietan bezalaxe, urrian zehar, hainbat hitzaldi eta tailer egingo dira beste herrialdeetatik etorritako pertsonen aurkako zurrumurruak geldiarazteko eta aniztasunaren onarpena bultzatzeko. Hitzaldi sorta hau, kanpaina honen abiapuntua izango da, baina aurrera begira, herriko eragile zein erakunde ezberdinekin, beste ekintza batzuk egingo ditugu.

Euskal Immigrazioaren Behatokiak, Ikuspegik, bertakook immigrazio eta aniztasunari buruz dauzkagun jarrera eta iritziak neurtzen ditu. Ikerketa hauek ia urtero berritu eta argitarazten dituzte eta ondorioz gure jendarteak gai honetan duen bilakaera jasotzeko balio digute. Gaur egun, Ordiziako herritarren %13 Europa eta Europatik kanpoko 47 lurraldeetan jaioak dira, horietatik %44 emakumeak izanik.

Erakunde honek 2013ko datuekin egin du bere azkeneko ikerketa orokorra, eta bertan jasotakoaren arabera gure gizartearen %20ak immigrazio eta aniztasunaren aurkako jarrera nabarmenak ditu; beste %30a ostera, beste muturrean kokatzen da, aldekoak dira. Eta gainontzekoak, hots, biztanleriaren erdiak, jarrera kontrajarriak ditu, batzuetan alde eta besteetan aurka daudela adierazten dute, beti ere galdetzen zaien gai zehatzaren arabera.

Guretzat, datu hauek interesgarriak ez ezik aintzat hartu beharrekoak ere badira, aniztasunaren errespetuan oinarritutako elkarbizitzaren alde lan egiteko esparrua dagoela adierazten digutelako. Eta gainera, datuok, erronka berri bat plazaratzen digute, alegia, gure herrietako, kale, plaza, eskola, merkatu eta abarretan egin daitezkeen informazio eta sentsibilizazio saioek eraginik eduki al dezakete bizilagunen jarreretan? Edo hau bera beste hitz batuekin esanda: Gauza izango al gara gure herrikideen artean aniztasunaren errespetuan eraikitako elkarbizitza baten aldeko jarrerak sustatzeko?

Gaur hemen elkartu garenok baiezkoan gaude, eta elkarbizitzaren aldeko hautu garbi eta erabatekoa egiten dugu, gure herritar guztiak errespetatuz eta aintzat hartuz. Horregatik, eta erakunde publikoa garen aldetik, aniztasunari errespetuan eraikitako bizikidetza ereduaren aldeko neurri eta ekimenak babestu eta bultzatuko ditugu. Baina argi edukita, langintza hau, guri, erakundeoi ez ezik, gizarte-elkarteei eta herritar guztiei ere badagokiela".

'ZurrumurruEZ!' KANPAINAREN BARRUKO HITZALDI SORTA

URRIAK 16, OSTEGUNA, 18:30etan, Barrena Kultur Etxean.

Hegoaldeko mugak oihuka ari zaizkigu.

1. Zatia: Migrazio pastorala itsasarteko pasabidean: bi ertzen artean zubiak eraiki nahian.
Gabriel Delgado. Cádiz eta Ceutako Migrazio Pastorala.

2. Zatia: Migrazioen mugaren beste aldean: Afrikatik garrasika.
Esteban Velásquez. Tánger y Nadorreko Migrazio Pastorala.

URRIAK 23, OSTEGUNA, 18:00etan, Barrena Kultur Etxean.

Zurrumurruen kudeaketarako estrategia komunikatibo eta emozionalak.
Rafa Crespo Ubero. Xarxa Antirumors, Barcelona
1. Zatia. Nola funtzionatzen duten zurrumurruek, nola eragiten digun zurrumurruen birusak
- Nolako erlazioa duten estereotipoek,aurreiritziek eta zurrumurruek desberdintasun sozioekonomikoekin. Dimentsio politikoa.
- Estereotipoak eta topìkoak: eragileak, espazioak, sortze eta hedatze-bideak.
- Nola eragiten dioten jende guztiari, eta nola inplikatzen gaituzten guztiok.
- Kulturarteko komunikazioa eta gaitasuna, aniztasunean elkarrekin bizitzeko ezinbesteko tresna.

2. Zatia: Ekintzarako lanabesak
- Nola erantzun eta nola geldiarazi zurrumurruen kutsadura Eskubide eta Betebehar Unibertsalen esparruan.
- Estereotipoak, topìkoak eta zurrumurruak kudeatzeko esperientzien aurkezpena eta analisia. Adibide praktiko batzuk
- Sarean lan egiten, erantzuteko eta ekintzarako plataforma.
- Nola hedatu modu positiboan datuak biztanleria osoari.
- Topikoak eta zurrumurruak kudeatzerakoan jendarteko eta pertsonen arteko komunikazioari buruzko orientabideak.

URRIAK 30, OSTEGUNA, 18:00etan, Barrena Kultur Etxean

Kulturak eta identitateak. Aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak.
Xabier Aierdi. Begirune

- Zer da kultura. Nola egituratzen dira kulturak eta identitate kulturalak.
- Identitatea eta aniztasunaren eraikuntza Mendebaldean. Nola sortzen dugu eta nola eraikitzen dugu bestearen eta gu-aren irudia.
- Aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurru kontzeptuen definizioa. Haien eginkizuna aniztasunari buruzko ideologiak eraikitzerakoan.
- Aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruak sortzeko eta hedatzeko espazio eta hedabideen analisi laburra.

AZAROAK 6, OSTEGUNA, 18:30etan, Barrena Kultur Etxean.

Kapitalismoa eta immigrazioa: Begirada sozio-ekonomikoa.
Miren Etxezarreta. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Katedradun emeritua Ekonomia Aplikatuan.

Immigrazioa ez da ageri-agerian dauden elementuek sortzen duten fenomenoa, arrazoi sozioekonomiko korapilotsuak daude atzean. Hitzaldi honetan, migrazioen azkeneko kausak aztertuko dira, azaletik, migrazioaren garapena eta iraunkortasuna ebaluatu ahal izateko. Era berean, herrialde hartzaileetan migrazio prozesuak dituen ondorioak aztertuko dira, eta batez ere egoera ahuleko giza-taldeen artean. Azkenik, immigrazio gaiaren aurrean izan daitezkeen jarrera pertsonalak nahiz taldekoak behatuko dira.