2014-11-06 blbDatorren asteazkenean, hilak 12, mahai-inguru bat eta dokumental baten proiekzioa egingo dira Barrenan, 18:30ean hasita

El Salvadorreko emakumeen sexu eta ugalketa eskubideen inguruko mahai ingurua egingo da datorren asteazkenean, hilak 12, 18:30ean, Barrena Kultur Etxeko areto nagusian. El Salvadorreko emakumeen egoeraz eta azken urteetan eman diren kasu lazgarriez hitz egiteaz gain, solasaldian Gipuzkoa mailan ematen ari diren emakumeen ahalduntze, beraien eskubideen sustatze eta indarkeria prebenitzeko ekimenen inguruan azterketa egingo da, baita ere.

Hiru emakumek parte hartuko dute mahai inguruan: Ana Murcia, emakume kanpotar eta euskaldunen "Garaipen" taldeko kidea eta ahalduntze feministan aditua; Anna Rispa, El Salvadorren Bakerako Lankidetza Batzarrak (BLB) aurrera eraman duen proiektuaren arduraduna; eta Belen Maiza, Ordiziako udaletxean kultura eta Ongizate zinegotziarenak, hain zuzen ere.

Mahai inguruaren ostean, "El Salvador: Sorkundearen lehen unetik" film dokumentalaren emanaldia dago programatua gainera, 2013. urtean Maria Cilleros zinegileak zuzendutakoa. Filman abortuaren problematikaren inguruan hitz egiten da, 1998tik El Salvadorren zigortua dagoena. Erdialdeko Amerikako herrialde honetan klandestinoki abortatu behar izan duten emakumeen eta beste emakume batzuk abortatzera lagundu duten emakumeen testigantzak jasotzen dira bertan.


Dokumentalaren trailerraren esteka: https://www.youtube.com/watch?v=JSQNWTdWmYs

Sentsibilizazio ekintza hau, Ordiziako Udalak diruz lagundua, Bakerako Lankidetza Batzarrak (BLB) El Salvadorren azken hilabeteetan burutu duen nazioarteko lankidetza ekimenaren baitan antolatu da: El Salvadorreko Santa Tecla udalerriko emakumeei zuzendutako sexu eta ugalketa oinarrizko zerbitzuen hobekuntza bultzatu duen proiektua, hain zuzen ere.