‘ESTABLEZIMENDU LAGUNKOIA’ EKIMENAREN FORMAZIO SAIOA MERKATARI ETA OSTALARIENTZAT
Proiektu honekin establezimenduak adineko jendearekin lagunkoiak izatea bultzatu nahi da; saioa bihar osteguna da, 15:00etatik 16:30era, D'elikatuzen
Ordiziako Udalak 'Ordizia Lagunkoia' proiektua jarri du abian, 'Euskadi Lagunkoia' ekimenaren barruan, eta bere helburu nagusia adineko pertsonen potentziala baliatzea eta hauek herriko bizitzan ongizate sortzaile bezala protagonistak bihurtzea da. Bide horretan urrats bat eginez, herrietako establezimenduak adinekoekin lagunkoiak izatea bultzatu nahi da, eta horretarako 'Establezimendu Lagunkoia' ekimena jarriko da martxan. Bihar osteguna, hilak 4, ekimenarekiko interesa azaldu zuten merkatari eta ostalarientzako formazio saio bat egingo da D'elikatuzen, 15:00etatik 16:30era.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatua da, Matia Fundazioaren laguntza teknikoarekin. Establezimendu Lagunkoia ekimena heziketa kanpaina bat da, eta bertan adineko pertsonak komertzio eta ostatuetara erakartzeko aholkuak ematen zaizkie jabeei. Ordiziako Udala 2013ko udaberritik dago proiektu honetan murgilduta.