ORDIZIA LAGUNKOIA-REN DIAGNOSTIKOA ETA 2015ERAKO PLANGINTZA
Oinezko ibilbideak eta 0-100 parkea, establezimendu lagunkoia, auzokoa lagun eta denboraren bankua jarriko dira martxan aurten
Ordiziako Udalak eta Matia instititutuak Ordizia Lagunkoia ekimenaren diagnostikoa eta 2015ari begira dagoen ekintza plana aurkeztu dute, atzo arratsaldean Barrenan egin zen ekitaldi batean. Galde-sorta baten bidez egindako diagnostikoaren arabera, Ordizia, orokorrean, herri atsegina, garbia eta zarata gutxikoa dela aipatzen dute herritarrek, eta herriari buruzko iritzia ona izan arren, hobetzeko proposamen asko egin dituzte. Ekimen honi lotuta, lau proiektu jarriko dira martxan aurten Ordizian.
Igor Eguren alkateak, Belen Maiza kultura eta gizarte ongizate zinegotziak, Ainara Tomasena Matia Institutuko teknikariak eta Miguel Calvillo Nagusilaneko ordezkariak parte hartu zuten atzo egin zen aurkezpenean. Orain dela bi urte eta erdi aktibatu zen proiektu hau Ordizian, Matia Instititutuaren laguntza teknikoarekin, eta harrezkero, herritarrekin hiru topaketa egin dira, diagnostiko bat osatu eta aurtengo ekintza plana ere zehaztu da. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailak sortutako Euskadi Lagunkoia ekimenaren barruan dago Ordiziako programa, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatzen duen Age-friendly Environments Programme (Adineko pertsonentzat inguru adeitsuak sustatzeko programa) du oinarrian.
Herri hobe bat helburu
Herritarren partaidetza, gizarte-kohesioa, belaunaldien arteko harremanak, eta herritarren eta administrazioaren arteko komunikazioa bultzatuz, gizon-emakume guztien bizi-kalitatea hobetzea dira Ordizia Lagunkoia programaren ardatzak. “Azken batean, herri hobe bat egitea, eta herritar guztien ongizatea lortzea dira helburuak, bereziki zahartzaroan dauden herritarrena”, nabarmendu du Igor Eguren alkateak. Proiektuan parte hartzen ari diren eragileei eskerrak eman dizkie –behean eragileen zerrenda–, proiektu hau garatzeko oinarria herritarren parte hartzea dela iritzita.
Hiru dira programa honek dituen helburuak betetzeko proposatzen diren neurriak:
- Herritartasuna sustatzeko ekimen berriak bultzatzea
- Bizi osorako inguruneak (hirikoak nahiz landa eremukoak) ziurtatzea
- Hiriko edo lurraldeko eremuen planifikazioan eta zaharberritzean adineko pertsonek parte hartzea.
Behetik gorako metodologia
Lan hau garatu ahal izateko metodologia Bottton up ereduan oinarritzen da, behetik gora lan egitean, azaldu du Ainara Tomasenak. Piramidearen oinarrian herritarrak daude; erdian gizarte eragileak, sektore pribatua eta irakaskuntza eta zientzia munduko eragileak; eta goian sektore publikoa. “Herritarren parte hartzea, eta bereziki adineko pertsonena, ezinbestekoa da proiektu honetan, prozesu honek ikuspegi integrala eta zeharkakoa behar baitu iraungo badu”.
Matiako teknikariaren esanetan, Ordiziako diagnosi fasean udalerriko informazioa biltzeaz gain, herritarren topaketak eta lagunkoitasun galde-sortak jarri dira martxan. Topaketa hauetan 53 ordiziarrek hartu dute parte eta galdeketak 219 ordiziarrek erantzun dituzte. “Honi esker herriak ze lagunkoitasun maila izan duen ezagutzeko aukera izan degu, bai udalerriko ingurune fisikoarekin lotuak dauden gaietan, bai pertsonen parte-hartzea eta ongizate subjektiboari eragiten diotenetan, eta baita informazioa eta komunikazioa eta Gizarte eta osasun Zerbitzuak direla eta”.
Ondorio orokorrak
Zahartze prozesua ikupegi integratzaile eta zeharkako batetik aztertu da eta arlo guztietatik hobekien baloratuak izan direnak familia, bizilagun eta dendariekin harremana, aisialdia, eta Gizarte eta Osasun Zerbitzuak izan dira. Garraioa, etxebizitza eta informazio eta komunikazio aldiz, gehien hobetu beharrekotan azaldu dira.
Orokorrean herri atsegina, garbia eta zarata gutxikoa dela diote herritarrek, eta herriari buruzko iritzia ona izan arren, hobetzeko proposamen asko egin dituzte.
2015erako proiektuak
Belen Maiza zinegotzia arduratu da udazkenera bitartean egingo diren lau proiektuen berri emateaz:
- Oinezko ibilbideak eta 0-100 parkea: Datozen egunetan abiatuko da proiektua nola gauzatu erabakitzeko prozesua. Zeregin horretan, udalarekin elkarlanean, herritar boluntarioak eta eragileak ariko dira. Herrian zehar ibilbide osasungarriak sortuko dira, eta ariketa fisikoa egiteko tresnekin hornituko dira herriko zenbait gune. Proiektu honek osasunarekin eta zahartzaro aktibo eta osasuntsuarekin du lotura. Udazkenerako martxan jartzea aurreikusten da.
- Establezimendu lagunkoia: 2014ko abenduan formazio saio bat jaso zuten herriko merkatariek, eta gaur-gaurkoz, 17 establezimenduk azaldu dute parte hartzeko prestutasuna. Adineko pertsonekiko abegikorrak izateko baliabideak izango dituzte komertzio hauek. Martxoan jarriko da abian ekimena.
- Auzokoa Lagun. Bizilagunak programa. Buztuntza auzoko etxebizitza batekin abiatuko da esperientzia hau udaberrian.Eraikin berean bizi diren bizilagunen artean elkarri laguntzeko sarea ehuntzea da helburua.
- Denboraren bankua: Aurrekoarekin lotura estua du, baina ikuspegia herri mailakoa da. Eguneroko zereginetan elkarri laguntzeko denbora trukea egitea da. Udalak pertsona bat kontratatuko du ekimen hau dinamizatzeko, eta webgune bat sortuko da kudeaketa errazteko. Azken bi proiektuok udaberrian abiatuko dira.
Tresna egokia, Nagusilanen iritziz
Nagusilan adineko pertsonei laguntzen aritzen den elkarte bat da. Miguel Calvillo kidearen esanetan, Ordizia Langukoia “tresna oso ona” da zahartzoaren dauden herritarren parte hartzea sustatu eta dauden hainbat behar arintzeko bidean. “Zahartzaroaren aldaketa aroa ezagutzen ari gara, eta adineko pertsonok gizartean parte hartzeko espazioak sortzen ari dira. Erronka bat da proiektu hau, ez da erraza izango, baina ahal dugula erakutsiko dugu. Dei egiten dut proiektu honetan parte hartzera, eta enpatia gehiagorekin aritzera”.
Parte hartzen ari diren eragileak
Ordiziako Udala:
- Alkatetza
- Kultura eta Gizarte Ongizate sailak
- Merkataritza bulegoa, eta Sustapen, Garapen eta Merkataritza saila
- Berdintasun saila
- Zuhaizti zentro soziala
Elkarteak
- Nagusilan (Adineko pertsonen boluntariotza taldea)
- Kimetz emakume elkartea
- Gueske (Goierri-Urola Garaiko Esperientziaren Eskolako ikasle ohien elkartea)
- Zuhaizti zentro soziala
- Ordizia KE Saskibaloia
- Majori kiroldegia
- D’elikatuz
- Ordizian merkataritza eta ostalaritza elkartea
- Ordiziako Garagunea (Goienetxe Fundazioa)