Norma Vazquez, Gorka Moreno, Peio Aierbe eta Xabi Anzak Ordizian ariko dira gaiaren inguruan

Azaroaren 4ean hasiko da ‘ZurrumurruEZ!’ kanpaina, Ordizia Kolorek, Ordiziako Udaleko Migrazio eta Dibertsitate arloak antolatuta. Migrazioaren eta etorkinen inguruan sortzen diren zurrumurru faltsuak isiltzea da helburua, informazio zuzena emanez eta herritarrak sentsibilizatzeko ahalegina eginez. Udal Korporazioak aurkeztu zuen atzo ekimena,  aniztasunari errespetuan eraikitako bizikidetza ereduaren aldeko neurri eta ekimenak babestu eta bultzatzeko konpromisoa azalduz, baina argi edukita ‘langintza hau, guri, erakundeoi ez ezik, gizarte-elkarteei eta herritar guztiei ere badagokiela’.

Horretarako bi hitzaldi eta mahaingurua antolatu dira. Barrena kultur etxean izango dira azaroaren 4ean, 11an eta 19an. Bigarren jardunaldia euskaraz izango da eta gazteleraz besteak.

Lehenengo saioa Norma Vazquez, Sortzen aholkularitzako kideak  emango du.  Betaurreko bioletak zurrumurruen aurkako estrategian izenburua izango du bere diskurtsoak. Emakumeen migrazioaren inguruan ariko da, zabalduta dauden topiko batzuei aurre egin asmoz. Esate baterako, emakume migranteak euren seme-alabak “abandonatzen” dituzten ama pobreak direla edota  beste lurraldeetako emakumeak “sumisak” direla.

Hilaren 11an Gorka Morenok hartuko du hitza, Ikuspegi,  Immigrazioaren Euskal Behatokiko ordezkariak. Saioaren izenburua da  Immigrazioa Euskal Autonomia Elkartean eta Ordizian: iritziak, aurreiritziak, krisia eta errealitatea. Hitzaldi honen bidez immigrazioaren fenomenoan sakondu nahi da, azken urte hauetan emandako bilakaerari arreta berezia eskainiz. Datu orokorrak aztertuko dira eta krisiaren eragina eta inpaktua aztertuko dira, honek iritzi eta aurreiritzien inguruan sortu dituen ondorioetan hausnartzeko asmoarekin, bai ingurunean zein Ordizian bertan.

 

Mahai ingurua itxierarako

Hilaren 19ko mahai inguruak bi zati izango ditu. LehenengoanEuropar Batasunak bizi duen inguruan sakondu nahi da. Drama humanitarioa edo migrante eta errefuxiatuen kontrako gerra? da Peio Aierbe,  SOS Arrazakeria – Mugak erakundeko kideak zuzenduko duen debatearen izena. Hainbat galderei erantzuteko ahalegina egingo da. Hala, Migrante eta errefuxiatuak iristera galarazten duten EBko politiken logika zein da? Zeintzuk dira horretarako erabiltzen diren bitartekoak? Komunikabideen bitartez iristen zaizkigun irudi eta bertsioek, gertatzen ari denaren zentzuzko ideia bat izaten laguntzen al dute? Edota ulertzen zailagoa egiten duten aurreiritziak sortu eta indartzen dituzte?

Bigarren zatia Xabi Anzak zuzenduko du.ELAko Batzorde Eragileko Prestakuntza arduraduna eta Manu Robles-Arangiz fundazioko presidentea da. Gaia honakoa izango da: Migrazioak sistema gaixo baten sintoma. Alda dezagun sistema eta ez migranteak.  Munduko sistema kapitalista giza “hondakinen” lantegi erraldoitzat jo duenik badela eta, ikuspuntu honetatik abiatuta, arazo sozialen kudeaketak (gizarte-bazterketa, adikzioak, immigrazioa,…) “hondakinen hautaketan” oinarritutako kudeaketa baten antza hartzen du.

Hau guztia praktika instituzional bat da, dio, arazo sozialen oinarrian dauden elementu estrukturalak ikusten uzten ez dutenak. Modu honetan, praktika instituzional honek errudun eta arazoaren oinarri bihurtzen ditu berak hautatutako horiek. Zehaztuz, migrazioen kontua, munduko kapitalismoan, ez du gai global eta konplexu moduan ikusten uzten. Europar eremuan, bi erronka planteatzen dira XIX. mendetik erantzunik eman ez zaizkienak: kolonialismoaren gaia (gaur egun errefuxiatuen irudia hartzen duena) eta proletarioaren edo langileena (gaur egun herritarrei zuzendutako austeritate-ekonomikoa).