Jasoko diren produktuekin Ordiziako 475 familien hainbat behar asebeteko dira

Elikagaien bankuarentzako asteburuan izandako kanpaina arrakastatsuaren ondoren, bihartik da martxan berriz ere Saski Solidarioa ekimena, ORDIZIA HIRI HEZITZAILEA proiektuaren baitan. Abenduan zehar, Garaguneak, Zuhaizti zentroak, Urdaneta Ikastetxeak, Jakintza Ikastolak eta Oianguren Institutuak  Caritasi laguntza emateko produktu desberdinak bilduko dituzte.

Antolatzaileek aurreko astean aurkeztu zuten kanpaina eta argi utzi zuten beharrean dauden herrikideak laguntzen zaiela. Ordiziako Alkate José Miguel Santamariak “kontzientziazioan eta herriko eragileen arteko elkarlanean” duen garrantzia azpimarratu zuen.

Ordiziako parrokoak, Jon Etxezarretak, gazteek Saki Solidarioa ekimenean duten inplikazio eta parte-hartzea eskertu zuen eta  urtean zehar Caritasen esku-hartzea zein den azaldu zuen. Hala,  egun Ordiziako 475 familiari ematen dizkie laguntzak eta Saski Solidarioarekin lortzen dituzten gaiekin urtearen zati garrantzitsua beteko da.

Eragile taldeek urte hauetan zehar euren esperientzia zein izan den azaldu zuten. Batetik, ikastetxeetan Caritasek egiten duen aurkezpenak herriko errealitatearen berri ezagutzen laguntzen die, eta bestetik, eskuzabaltasunaren garrantziaz jabetzen dira.

Zuhaitzi zentroko ordezkariak, Raquel Bravok, Zuhaizti zentroan gero eta produktu gehiago biltzen dela esan zuen eta zentroko jendeak egiten duen “esfortzua txalotu” zuen. ‘Pentsio baxuenak dituztenak dira lehenak laguntza ematen’, esan zuen.

 

Hauek dira ikastetxeetan, Zuhaiti zentroan, eta Garagunean abenduan zehar bilduko diren produktuak:

  • esnea, azukrea, olioa
  • tomatea, txokolatea, kakaoa
  • Nozilla/Nutella, turroia, gaztatxoak, atuna
  • egositako lekale eta barazki poteak (familia askok pobrezia energetikoa pairatzen du eta ez du sukaldean egiteko adinako diru sarrerarik).
  • babarrunak, garbantzuak, dilistak
  • etxea garbitzeko gaiak.
  • norberaren garbiketarako gaiak