UDALAK ADIKZIOEN INGURUKO KANPAINA BEREZIA EGINGO DU SANTANA JAIETAN
Berriak dira ‘Botilzar’ taktika eta DYAren asistentzia 25etik 26rako gauan
Ordiziako Udala, urte bukaeran aurkeztu nahi den adikzioen plan berri batean lanean dihardu. Horrelaxe adierazi dute Ongizate Zinegotzia den Iñaki Dubreuilek eta Lierni Irastortza gizarte langileak. Esparru orokor honetan, urtean zehar Ordizian ospatzen diren festetarako diseinatu diren ekintza espezifikoek espazio propioa izango dute. Zaindariaren jaiak adibide argia dira. Aurten kanpaina egingo da 17an eta 25etik 26rako gauean eta honen berri eman dute Dubreuilek eta Irastortzak AiLaket!! eta DYA elkarteetako ordezkariekin batera.
Hilaren 16an eta 17an, hau da, datorren asteburuan bertan, Ordizia “Haurren Egunak” deritzon ospakizunean murgilduta egongo da. Udal arduradunek prebentzio goiztiarra gakoa dela uste dute. 17a koadrila txikien eguna da eta koadrilen bazkarian gazteenei dekalogoa emango zaie jaiak arriskurik gabe goza ditzaten.
Hezitzaileak kalean
Kanpaina berezi honetako bigarren hitzordua Santa Ana jaietan izango dugu, hau da, 25eko arratsaldean eta 26ko gauean, Mozorro egunarekin eta goizaldeko danborradarekin batera. Arratsaldeko 19:00etatik gauerdira kale hezitzaileak koadrilekin elkartuko dira erabilera arduratsuari buruz hitz egiteko eta ura eta jakiak eskaintzeko. Taktika hau “Botilzar” izenarekin ezagutzen da eta harrera ona izan du aurkeztu den tokietan. Ondoren, gaueko 00:00etatik aurrera eta goizeko 03:00ak arte Arboledan testing programa jarriko da, nahi duten erabiltzaileek beraien sustantzien kalitatea neurtu dezaten. Doakoa da eta besteetan ere Ordizian antolatu izan da arrakasta handiarekin gainera. Hauek denak Ai Laket!!, drogamenpekotasun prebentzioan aditua den elkartearekin burutuko dira.
Gau berean eta 22.00etatik 8:00etara, berritasun bezala, DYAko boluntarioek doako asistentzia emango dute Aita Urdaneta 7 kaleko egoitzan. Egoitzara zuzenean joan daiteke edota larrialdiko kasuetan 112 edo 943464622 telefonora deituz. Gainera, 26ko goizeko 8:00etatik aurrera osasun zentroa irekita egongo da dauden larrialdiei erantzuna emateko.
Azkenik, ostalaritzara eta edari alkoholdunak saltzen dituzten dendetara ere idatzi bat bidali da indarrean dagoen legediaren berri emanaz eta adin txikikoei alkohol salmenta debekatua dagoela gogoraraziz. Tabernariei aste honetan zehar beraien lokaletan ipintzeko informazio kartelak emango zaizkie.
Udal arduradunek herritarrei jaiak gozatu bai baina arduraz jokatzeko deia egin dute.