BULARREKO PREBENTZIOAREN GARRANTZIAZ OHARTARAZI DUTE KATXALIN ELKARTEAK ETA UDALAK
Hitzaldia eskainiko da, beste behin, otsailaren 7an 18:00etan D’elikatuz zentroan
Katxalin, Bularreko eta Ginekologiako minbiziagatik eragindako Gipuzkoako elkarteak, hitzaldia emango du datorren asteartean Ordizian. Bularreko minbiziaren detekzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu eta Osakidetzako detekzio programan parte hartzera gonbidatu dute Edurne Iruin, Garbiñe Aramendi eta Mari Jose VázquezKatxalineko ordezkariak, eta Iñaki Dubreuilek, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Dubreuilek Ordiziako Udalak osasun gaiekin duen konpromisoa azpimarratu du. 2016ean zehar elkarlanerako oinarriak ezartzeko lanketa egin dela esan du. ‘Osasun arloan lanean ari diren eta gaiarekiko interesatu duten hainbat pertsonekin bilerak egin ditugu eta lan horren fruituak biltzen hasi gara’, esan du.
Adibidez, Ordizian udal gobernuak adikzioen prebentziorako berreskuratu nahi duen lan ildoan ibilbide berria egiteko lehenengo adikzioen udal plana aurkeztuko da laster.
Oraingoan aurkeztutako hitzaldiarekin 2017an zehar osasunaren inguruan egin nahi den lanaren lehen urratsa ematen da. ‘Lanerako bide berriak ireki edo indartu nahi ditugu, elkarlanean gure udalerrian aritzen diren osasun eragileekin’, adierazi du zinegotziak.
Katxalinen txanda
Bularreko Minbizia Detektatzeko programa 1995eko azaroan jarri zuen martxan Osakidetzak, zehazki Araban eta Deba Garaian, eta 1997an hedatu zen Euskadiko gainerako lekuetara. 50 eta 69 urte bitarteko emakumeentzat da, eta 40 eta 49 urte bitarteko emakumeak ere sartzen dira, beti ere emakume horiek lehen graduko familiartekoren bat badute bularreko minbizirekin.
Martxan jarri zenetik 2016ko ekainera arte 8.005 minbizi kasu detektatu dira Euskadin. Bularreko minbizia tumore gaizto ohikoena da Euskadiko emakumeen artean, bai eta heriotza gehien eragiten dituena ere. Hala ere, azken datuen arabera, bizi iraupen-tasa gero eta handiagoa da, % 87,4koa, alegia.
Bizi iraupen tasa hau gero eta handiagoa izatearen arrazoietako bat gaitza garaiz atzematerena da. Beraz, gaitza garaiz antzematearen garrantzia kontutan harturik, 1995az geroztik, Katxalin elkartea, bularreko minbiziaren prebentzioari buruzko hitzaldiak ematen ari da Gipuzkoako herrietan zehar Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko programa jarraituz.
Hau honela izanda, eta Ordiziako udaleko Gizarte zerbitzuekin elkarlanean, datorren asteartean otsailaren 7an, arratsaldeko 18:00etan Delikatuz zentroan, Arrate Plazaola medikuak emango duen hitzaldian parte hartzera gonbidatu dute Katxalin elkarteak eta Ordiziako Udalak.