KOOPERAZIOAREN TXANDA, ASTEAZKEN HONETAN ORDIZIAN
Perun El Niñok eragindako hondamenari aurre egiteko kanpaina antolatu du peruar-ordiziar talde batek
El Niño bezala ezaguna den fenomeno atmosferikoa Hegoamerikako hainbat lurralde suntsitzen ari da. Peru eta Kolonbia dira kaltetuak, oraingoz. Ordizian bizi den perutar talde batek asteazken honetarako ekimen bat antolatu du Perura laguntza zuzentzeko. Udalak, Ordizian elkarteak eta laguntzak bideratuko dituen Caritasek bat egin dute.
Jose Miguel Santamariak alkateak eta Gizarte Zerbitzuetako Iñaki Dubreuil zinegotziak parte hartzera deitu dute eta ez dute zalantzan jarri ekimenak izango duen arrakasta kontutan izanda ordiziarren izaera solidarioa. Udalak duen Kooperazio programatik larrialdiak artatzeko diru kopurua bideratuko dela ere esan dute. ‘Ordizia solidarioa eta sentibera da munduko lurralde eta jende askok bizi duen egoerarekin. Kooperazio gaietan ere aitzindaria da’, esan dute udal ordezkariek. Ordizia Peruko El Callaorekin senidetuta dagoela ere gogoratu dute.
Udalak ekarpen bikoitza egingo du. Perurako 2.500 euro eta beste 2.500 euro bideratuko dira Kolonbiara, egoera bera bizitzen ari baita.
Peruko jaki tipikoak
Asteazkenean Kale Nagusian Udaletxe aurrean izango da peruar-ordiziar taldeak antolatu duen ekintza. ‘Ordizian bizitzen urteak daramagun perutarrak gara. Peruko gure herrikideen beharrak ikusita antolatu dugu ekintza solidarioa. El Niño izenarekin ezaguna den natur fenomenoak izugarrizko kalteak eragin ditu. Etxea, janaria, arropa galdu dute, dena, eta garraio bideak ere eraman ditu, errepideak eta zubiak’, esan du Miguel Torresek, taldeko bozeramaleak.
Hala, asteazken honetan –apirilak 5- jaki hotzak eta gozoak jarriko dituzte salgai dirua biltzeko. ‘Arrakastatsua’ izatea espero dute. Goizeko 8:00etan hasita jarriko dituzte, azoka amaitu arte. Arrain ‘cevichea’, patata eta oilaskodun ‘cauza’ limeñoa, patata ‘huancaynoa’, eztia eta ogia duen opila, arrozezko ‘zambitoa’ eta maicena, esnea eta kokoa duen ‘alfajorea’. Borondatea eskatuko dute plater bakoitzeko. Jessica Morales eta Ana Aibar ariko dira janariak prestatzen eta eskaintzen. Osagaiak Ordizian merkatarien eta hostalarien elkarteak emango ditu.
Caritasek laguntzak kudeatuko ditu proiektuen bitartez eta, beste alde batetik, diru-bilketa egiteko deialdia luzatu du. Ordiziako Euskadiko Kutxan eta Kutxabanken dituen kontuetan lagundu nahi duenak diru sarrera egin dezake, zertarako den adieraziz.
*Argazkian, Santamaria, Dubreuil, ekintzaileak eta Caritaseko ordezkariak.