Iker Fernandez sustatzaileak, garapen pertsonalean adituak, hitzaldia emango eta parte hartzeko aurretik izena eman behar da

Gizarte zerbitzuek antolatuta, datorren maiatzaren 2an, asteartea,  18:30ean, D’Elikatuzen hitzaldia izango da “Bizitzan eta lanean nola izan zure buruaren coach-a” gaztelaniaz,  “Abentura Egile” gisa ere ezagutzen zen Iker Fernandez garapen pertsonaleko adituaren eta hizlariaren eskutik.   Ordizia “10.000 irribarre” biraren geltoki bilakatuko da, eta Iker Fernandezek bere mezua zabaldu nahi du bertan: pasioz bizitzea. Sarrera librea da, tokia bete artekoa. Joan nahi duenak aurretik eman behar du izena honako loturan: https://www.eventbrite.es/e/entradas-conferencia-como-ser-tu-propio-coach-en-la-vida-y-en-el-trabajo-33302785528

Ekimen hau Euskadiko eta Nafarroako hainbat herrietara zabalduko da eta helburu nagusia da bertaratzen direnei pasioz bizitzeko gonbidapena egitea.   Sustatzaileak dioen moduan, “bira honen helburua da pertsonei pentsamendu positiboa iradokitzea eta norberari bere ekimenetan aktibo izateko gonbidapena egitea.  Zeinahi direla ere ekimen horiek, bihotzak eta oinak lurrean direla egin daitezela errealizatuta sentitzeko maila pertsonal eta profesionalean".

Sinopsia

Ikerren helburuak eman dio birari izena, alegia, 10.000 pertsonengana iristea baita helburua, herriz herri bidaiatuz, eta joaten den pertsona bakoitzak borondatez sinbolikoki eman dezakeen euro bana jasoz. Diru hori herriz herri, herri bakoitzeko erakunde laguntzaileak aukeratzen duen GKEari bideratuko zaio.   Keinu sinboliko honek kontzientzia sortu eta lagundu egin nahi du.

Ekimena toki erakundeen laguntzari esker sustatzen ari da lurralde bakoitzean mezua zabaltzeko, kasu honetan Ordiziako Udalari esker izango da. 

Fernandezek bira barruko ekimen bakoitzean amets pertsonal bat aurkeztuko du, sei urte daramatza honi forma emanez eta 2017an errealitate bilakatuko da:  Selfcoaching 360º Garapen Pertsonalerako Masterra, hezkuntza izaera duen proiektua, berritzailea eta bakarra Euskadin bere metodologia eta sorkuntzan.  Metodologia hau ohiko eredutik ateratzen da, gaur egun unibertsitate eta eskolek eskaintzen dituzten eduki eta formatuetatik aldendu egiten da.  Hezkuntza programa honetan bizitzako gai garrantzitsu eta unibertsaletan sakontzen da eta irtenbideak bilatzen dira, besteak beste, honako hauetan: errealizazio pertsonala, betetasuna, harreman pertsonalak, hezkuntza emozionala, bikote harremana, gure seme-alaben hezkuntzaz gozatzea, ariketa fisikoa eta elikadura, osasuna eta ongizatea, dirua eta finantza pertsonalak, errealizazio profesionala eta ekarpena.