'SENDIAN' IKASTAROAK HASI DIRA
Zaintzaileei informazioa, heziketa eta terapia eskaintzea ditu helburu
Ugari dira zaintzaileen eginkizunak eta jardunak, denbora eta energia behar dira, beti ez dira erosoak edo atseginak izaten, eta, oro har, aurrez jabetu gabe, zaintzailea beti ez dago prestaturik zainketa horretarako, ezta zainketa horrek berarekin dakartzan eta, hainbat arrazoi tarteko, berezi eta bestekiko desberdin egiten duten egoera anitzei aurre egiteko ere.
Ordiziako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak antolatuta, Zuhaizti zentroan ematen ari den ikastaro hori familiei babesa emateko "Sendian" programaren barruan kokatzen da, hain juxtu. Saio teoriko-praktikoetan senideei adinekoa hobeto zaintzen ahalbidetzen dieten berariazko ezagutzak ematen dira, eta zaintzaile gisa egiten duten lana bermearekin egitea ahalbidetzen da. Hainbat arlotako edukiak lantzen dira: medikuntza, erizaintza, psikogeriatria, psikologia, legea eta gizarte-baliabidekoak. Informazio-, heziketa- eta terapia-helburuak ditu....
Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen familia-zainketa lehen mailako gizarte-erronka eta gero eta handiago bihurtzen ari den arazoa da; izan ere, denbora-tarte luze batean, egunero, familiak erantzukizun gero eta handiagoa hartu behar izaten baitu egoera ahulean dagoen senide bat zaintzeko.
Zaintzaileak zaintzearen garrantzia
Familia gehienetan pertsona bakar batek hartzen du bere gain zainketaren arduraren zamarik handiena: zaintzaile nagusia. Gehienak emakumeak dira, eta, gizonak adinekoak zaintzen gero eta parte-hartze handiagoa izaten ari badira ere (oro har, zaintzaileen laguntzaile gisa), senideren bat zaintzen ari diren hamar pertsonatatik zortzi emazteak, alabak edo errainak dira, genero rola betez.
Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Sendian" programaren bitartez, eta emakumeen ahalduntzea eta zainketan emakumeen eta gizonen erantzukidetasuna sustatzen dituen eredu batetik, zainketa ez-profesionaletan elkarrekikotasuna sustatzea pentsatu da. Arreta berezia emanez familietako zaintzaileen ongizatea bilatzeari eta zaintzaileen eskaerei erantzuteari, eta, halaber, etxeetan zainketen banaketa bidezkoagoa sustatzeari. Funtsezkoa da familia-zaintzaileei, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zainketaz arduratzen diren horiei berariaz laguntzea.
Ikastaroa Matia Gerontologia Institutua ematen ari da. Eskarmentu handia du prestakuntza-programak, babes-taldeak eta banakako laguntza psikologikoa kudeatzen; izan ere, 2007az geroztik programa horiek kudeatzen ari da hainbat udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin berarekin koordinaturik. Aurten hiru kurtso egingo dira. Lehenengoa, orain ematen ari dena, maiatzaren 25ean hasiko dena bigarrena eta udazkenean azkena. Astean behin elkartzen dira eta guztira sei saioa dira. Informazio gehiago Gizarte Zerbitzuetara hurbildu behar da (Barretxeko bulegoan).
*Argazkian, lehenengo tailerreko partaide talde bat