ABIAN DA ORDIZIAN MENDEKOTASUNEI AURREA HARTZEKO I. PLANA
Ikastetxeekin elkarlana hastea eta ‘prebentzio mahaia’ kontsolidatzea dira urte honetako helburuak
Ordiziako Udalak mendekotasunei aurrea hartzeko I. udal plana jarri du martxan.Ekimenak, Gizarte Ongizateko zinegotzi Iñaki Dubreuilek, udal-teknikari Lierni Irastortzak eta 'Ai Laket' elkarteko ordezkari Unai Pérez de San Romanek aurkeztuak, asmoa du Ordizian irauten duen arazo bati, familiek duten kezka 'nabariari', azken urteotan arazoaren inguruan udalak izan duen ekimen-murrizketari eta gaiaren inguruko joera, arau eta planteamendu berriei arreta egitea.
Plana AGIPAD elkarteak landu du, irekia da, gaiari buruzko ikuspegi orokorra du eta Ordizian adikzioen arazoari aurre egiteko eman daitezkeen pausoak eta ekintza zehatzak ditu. Dubreuilen arabera, helburua da mendekotasunen arazoari eta Ordiziako familien kezkei 'erantzuna' ematea. Aldi berean, 'udalak arlo horretan proposatuko dituen erantzunei koherentzia eta ordena eman behar diegu, eta herriko eragileekin lankidetza- eta koordinazio-mekanismoak ezarri behar ditugu'...
Mendekotasuna norbanakoaren eta familiaren arazoa da, baita, ordez, gizartearena, ugari baitira mendekotasun hori agertzeko eta garatzeko alderdiak.Ondorioz, zinegotziak dioenez, ezinbestekoa dugu ulertzea gizartearen arazo baten aurrean gaudela, eta horretan guztiok gaudela, modu batean edo bestean, kaltetuak, eta ez dezakegula har familiari edo komunitateari loturiko arazo indibidual gisa.
Lege-esparrua
Ordiziako Udalak dio herri-administrazioak betebehar hori beren gain hartu beharra duela, prebentziotik, laguntzatik eta birgizarteratzetik.Euskal Autonomia Erkidegoko droga-mendekotasunaren arloko prebentzio-, laguntza- eta birgizarteratze-politikak azaroaren 11ko 15/1988 Legearen eta geroztik ekainaren 25eko 18/1998 Legearen bitartez ezarri ziren.Dubreuilek nabarmendu du: "urte haiez geroztik lanean dihardugu Ordizian, indar handiagoz edo txikiagoz, egoki edo ez horren egoki".
2011n 1/2011 Legea onartu zen, otsailaren 3koa, droga-mendekotasunaren arloan prebentzioa, laguntza eta birgizarteratze arautzen duena.Araudi berriak babesa ematen dio gertakari horren aurrean (bereziki adingabeen eta gizarte-egoera ahulean daudenen defentsan) agintariek hartu behar dituzten neurriei, eta arreta berezia jartzen du genero ikuspuntuan.
Horrela, mendekotasunen prebentziorako I. plana lege-testuinguru horretan eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2011-2015 aldirako Mendekotasunen VI. Planaren barruan txertatzen da, luze gabe martxan jarriko den mendekotasunen VII. planari zabalik.
Amaitzeko, Dubreuilek dio plana hausnarketa horietatik eta gaian adituak diren ordiziarrek osatutako lantalde txiki batek egindakoetatik sortu dela. "Gure asmoa da herriko eragileengandik datozen erantzunei nolabaiteko ordena eta koherentzia ematea ahalbidetuko duen tresna izatea. Ez da proposamen itxia eta behin betikoa, irekia eta dinamikoa baizik, parte-hartzailea. Talde-integrazioa, parte-hartzea eta lankidetza sustatuko ditu".
2017ko helburuak
2017ko ekintza gehienak Ai Laket! elkartearekin gauzatuko dira. Lierni Irastorza, udal teknikariak esan duenez, Mendekotasun plan horretan hiru jarduera nagusi daude: Eskaintzari buruzkoa, Eskaerari buruzkoa eta Babes-ekintza eta koordinazioa. Herritar-sektore desberdinak eta hauetako bakoitzari zuzendutako lan arloak eta helburuak ditu kontutan.
Plana jasoko duten herritar-sektoreei erreparatuta, lau multzo nagusitan sailkatzen ditu, goranzko berariazkotasunaren arabera:
- Unibertsalak:herritarrei, oro har, edo banakako inolako arrisku-faktoreren arabera identifikatuta ez dauden pertsona-multzo handi bati bideratutako programak edo ekintzak dira.
- Selektiboak:datu objektiboren arabera (epidemiologiak eta bestelako ikerketa-teknika batzuek emanda), drogekin lotutako arazoak eragin ditzaketen arrisku-faktoreen baitan dagoen biztanleria-tarte zehatz batera bideratutako ekintza-multzoa.
- Egokitua:programa-mota hori gaur egun drogak kontsumitzen dituztenei (kontsumitzaileak eta esperimentatzaileak) eta bestelako portaera-arazoak dituztenei bideratuta dago.Hortaz, arrisku-maila altuko pertsonei bideratuta dago.Programa horien helburua ez da soilik kontsumoa jaistea, baita kontsumoari loturiko arazoak murriztea, eta neurrigabeko droga-kontsumoko portaerak atzeratzea ere.
- Zehatzak:maila horren barruan sartuko da droga-mendekotasuna duten pertsonei bideratutako prebentzio, laguntza edo gizarteratzeko esku-hartze oro. Maila horretan, arriskua ez da mendekotasun bat hartu ahal izatea, substantziak etengabe kontsumitzearen ondorioz pertsonaren osasunerako eta segurtasunerako dauden arriskuak baizik.
Ekintzak eta proiektuak
2017rako plan honetan ‘Unibertsalak’ eta ‘Selektiboak’ hartu dira kontutan bereziki. Horietako bakoitzean eskola, familia, aisia eta komunitatea landuko dira, makina bat proiektu eta ekintzen bidez.
Ai Laket! Elkarteak burutuko dituen proiektu eta ekintzekin batera, beste lanketa batzuk beharrezkoak dira. Hala, Udala eta ikastetxeen arteko lankidetzarako zubiak eraikiko dira. ‘Hori da 2017ko helburu nagusia’, dio teknikariak. Eta, komunitateari dagokionez, lantalde bat, ‘prebentzio-mahaia’ finkatzea da nahia, herrian droga-mendekotasunarekin loturik sor daitezkeen gaietan partaidetzan eta lankidetzan lan egite aldera.
Gainera, Ai Laket! elkarteko kidea den Unai Pérez de San Románek dioenez, ‘urteko programa landuko dugu, aisialdiari lotuta kontsumo arriskuak neurtzen dituen ‘Testing’ ezagunaren bidez eta iaz jaietan arrakasta izan zuen eta ‘Botilzarra’ egitasmoarekin. Bigarren hau botiloi egiten dutenenei zuzendutako ekintza hezitzailea da, kontsumo arduratsua izate aldera, eta aurten zabaldu egingo da’.
Familiei eta gazteei bideratuta, formazioko tailer eta proiektuak hasiko dira. Adibidez: Lonja Laket! egitasmoa, marihuana tailerra, halaber, gurasoentzat ‘seme-alabekin drogataz nola hitz egin? eta gazteentzat arriskuzko kontsumoak gutxitzeko tailerrak.
Plana osotasunean jasotzeko edo ikusteko bi aukera daude: Gizarte zerbitzuetako bulegoetara zuzenduta edota, hemen, ondoko loturan: