ONGI ETORRI ORDIZIARA!, ZUBIAK ERAIKITZEN
Ekainaren 19 eta 21ean, bi informazio-saio ireki egingo dira tituluen homologazioaren eta atzerritarrei buruzko legearen gainean
Ongi etorri Ordiziara! harrera-programa abian da berriro. Programaren xedea daudalerrira iritsi berriak direnak edo Ordizia, Goierri eta Euskadiko ingurune kultural, sozial eta politikoan denbora bat bizitzen daramatenak kokatzea. 2012tik hona ehun ordiziar berri hartu ditu astean bi saio eginez. Oraingo edizioan maiatzean hasi ziren eta bi hilabetez jarraituko dute, 18 topaketa osatu arte. Bilerak astelehen eta asteazkenetan izaten dira.
Gaiak Udalerriko Harrera Sareko profesionalek garatzen dituzte (anbulatorioa; gizarte-zerbitzuak; udaltzaingoa; kultura, euskara, berdintasun, gazteria, ingurumen eta migrazio arloetako teknikariak; Lanbide, sindikatu eta eskualdeko garapen agentziako enplegu-agenteak; herritarrak; zinegotzia; SOS arrazakeria; eta Bidez Bide), eta baita gizarte-eragileek ere (kirol-elkarteak, kultura-elkarteak eta gizarte-ekintza). Horrela, sare bat eratzen da, norabide bereko helburuak jartzen dira, immigrazio-fenomenoaren ikuspegia zabaldu egiten da eta esku-hartze sozialean elkarlana sortzen da.
Saio horiei esker, saioetan parte hartzen dutenek aukera dute bizi diren lekua, baliabideak, azpiegiturak eta testuinguru historiko-soziala hobeto ezagutzeko eta, batez ere, herriko dinamiketara hurbiltzeko asoziazionismoaren, boluntariotzaren eta egiten diren jardueren bidez. Gizarte hartzaileran eta artatua denaren arteko zubia da, elkar ezagutzeko espazioak sortzeko aukera ematen duena, sortzeko zailak halako aukerarik izan ezean.
Praktikak
Zubi horiek praktikak errazten dituzte; izan ere, saio horietan pertsona bakoitzak aukeratzen du, bere gustuen arabera, egonaldi hauek egingo lituzkeen lekua eta lau astez bakoitza aukeratutako lekura joaten da. Hauek dira parte hartu duten elkarteetako batzuk: Urrup antzerki taldea, Ametsbide dantza taldea, Ortzadar argazkiak, Laguntasuna rondalla, Oroith abesbatza; saskibaloi, atletismo, errugbi, pilota eta futboleko kirol elkarteak; elkarte sozialak, hala nola, FIARE banku etikoa, Stop Desahucios, Nagusilan, Garagune, Kimetz eta Emakume Etorkinen taldea. Asmoa da, baita ere, behin ikastaroa amaituta, parte-hartzaile bakoitzak bere kabuz joatea talde horietara.
2012az geroztik, hainbat eta hainbat jatorritako 100 pertsona baino gehiagok hartu du parte: Nikaragua, Pakistan, Marroko, Argentina, Nepal, Nigeria, Honduras, Mali, Senegal, Sahara, Madril, Errumania, Mexiko, Bolivia, eta baita eskualde norbait ere.
Ekimena oso ondo ikusita dago, bai parte hartzen dutenen artean bai Sareko kideen artean, gehienbat ekimenak kulturara eta hizkuntzara hurbiltzen laguntzen duelako eta, hala, ikasten segitzeko grina pizten duelako. Ekimenari esker, era berean, parte-hartzaileek hobeto ezagutzen dituzte arrazoi batengatik edo bestearengatik gure herrian leku bat egin nahian dabiltzan pertsonen kultura, bizipenak, zailtasunak eta motibazioak. Beraz, esan daiteke programak leiho bat irekitzen duela elkar ezagutu ahal izateko, gertutasunean eta giza harremanetan oinarrituta.
Nobedadeak eta hurrengo hitzordu irekiak
Oraingo honetan, nobedade moduan Goazen Ordizia! Ekimenean ostegunero parte hartzeko aukera edukiko dute, boluntariotza indartzeko asmoz.
Gainera, agendan bi data bereziki interesgarriak daude: ekainaren 19a bata eta ekainaren 21a bestea. Aurrenekoan, Bidez Bide elkarteak tituluen homologazioari buruzko duda guztiak argituko ditu eta, bigarrengoan, SOS Arrazakeriak hartuko du parte eta atzerritarrei buruzko Legearen inguruan hitz egingo du. Bi saioak irekiak izango dira, nahi dutenek parte hartu ahal izango dute, Ongi Etorri! zikloan parte hartu ala ez.