ADIKZIOEN PREBENTZIORAKO PLANA ABIAN JARTZERA DOA SANTA ANA JAIEKIN BATERA
‘Botilzar’ eta ‘testing’ programak eta 25etik 26rako gauan aparteko osasun asistentzia emango dira
Hastear dauden Santa Ana jaiekin batera jarriko da abian Ordiziako 2016-2021eko Adikzioen Prebentziorako I Plana. Jai egun hauetarako programa zehaztu dute Iñaki Dubreuilek, Gizarte Zerbitzu, Osasun, Kooperazio eta Aniztasun arloetako zinegotziak; Lierni Irastorza udal teknikariak eta Unai Perez eta Maixabel Usabiaga,AI Laket! eta DYA elkarteetako ordezkariek, hurrenez urren.
Dubreuilek gogoratu du adikzioen prebentzio komuna pertsona guztien ardura dela. Segurtasun honetatik eta beharrezkoa den gizarte-eragile guztien parte hartzearekin prestatu da aurkeztu berri den aipaturiko Adikzio plana. Honen baitan prestatu da datozen urteen egin beharko diren ekimenak.
Zinegotziak jai egunotako aurreikusitako ekintzetan parte hartuko duten eragileak aipatu ditu, irabazi asmorik gabekoak biak. DYA da horietako bat, ‘denok ezagutu eta aitortzen dugun lan humanitarioa eginten duen erakunde soziala’; AiLaket!! da bigarrena, ‘droga menpekotasunen arloan lan egiteko 2002. urtearen hasieran eratu eta Ordizian lanean urteak daramana’ eta Udala bera, Ongizate arlotik, ‘2016-2021 eperako prestatu den I. Adikzio plan honetatik, prebentzioan oinarritutako akzio politikoa berreskuratu eta gaiarekiko duen ardurari ekin nahi dioena’.
Beraz, Ordiziako I Tokiko plana indarrean da eta bera ardatz harturik prestatu da 2017ko Santa Ana jaiei begira adikzioen prebentzioari dagokion egitaraua. Lierni Irastorzak eta aipaturiko elkarteetako ordezkariek aipatu dituzte ekintzen nondik norakoak.
‘Botilzar’ batetik bestera eta ‘testing-a’ Zuhaiztin
Hala, uztailak 25ean 19:00etatik gauerdira arte Botilzar programa burutuko da. Programa honen helburua jai giroetan alkoholaren aisialdi kontsumoen arriskua murriztea da. Programa hau AI Laket! elkarteak gauzatuko du herrian zehar boteiloia egiten ari diren gazteekin.
Uztailaren 25 eta 26ean, iluntzeko 22:00 hasita eta goizaldeko 02:00 arte, Testing programa eskainiko da, festa giroan drogen kontsumoen arriskua murrizteko helburuarekin. Programa hau ere Ai Laket! elkarteak gauzatuko du, karpa Zuhaiztin egongo da.
Koordinatutako osasun sare asistentziala ere 22:00etan jarriko da martxan, DYAko boluntarioen eskutik. Zerbitzu hau Uztailak 26 ko goizeko 08:00 arte egongo da Indarrean DYAk Ordizian duen egoitzan, gertatu daitekeen edozein larrialdi artatzeko.
Ekimen hauek denak iaz ere burutu ziren eta oso harrera ona izan zuten.
Ekintza konkretu hauez gain, txosna batzordea eta herriko tabernari eta komertzioei gomendio ezberdinak eskaini zaizkie, beti ere indarrean dagoen legedia kontuan izanda.
Programa guzti hauen helburu nagusia jai hauetan ‘pertsona eta talde edo eragile bakoitzak bere esparrutik arduraz jokatzea da, herritar zein kanpotik datorren jendeak ondo pasatu dezan, pasatu gabe’.