KATXALINEK GOIERRIKO EMAKUMEEI ZERBITZUA EMANGO DIE ORDIZIATIK
Arreta puntua zabalduko du astearte arratsaldero Zuhaizti zentroan
Katxalin, Bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako Gipuzkoako elkarteak, Ordiziako Zuhaiztik zentroan bulego bat irekiko du ekainetik, asteartetan. Bailarako emakumeei zerbitzua ematea du helburu. Ordiziako Ongizateko zinegotziak, Katxalineko Edurne Iruin eta Garbiñe Aramendi ordezkariek eta Lierni Irastortza udal teknikariak eman dute berria ezagutzera.
Dubreuilek esan duenez, ‘urte asko’ daramate elkarlanean Katxalinek eta Ordiziako Udalak. Bularreko minbiziaren detekziorako bi urteen behin egiten diren kanpainan, boluntariotza sustatzeko antolatzen den azokan, osasun batzordean, diru-bilketetan, sentsibilizazio kanpainetan eta behar den guztietan ba egiten da.
Hala, Ordiziako Udalak, Ongizate eta Osasun batzordetik pauso bat aurrera eman nahi izan du udalerriz haratagoko zerbitzua eskainiz Goierriko emakume guztiei. ‘Ordiziarrekiko Katxalinen konpromisoa eta elkartasuna nabarmendu ditugu beste behin. Oraingoan, gainera, goierritar guztiekiko’, esan du zinegotziak.
Zerbitzua Zuhaizti eraikinean kokatuko da eta ‘Katxalin-Goierri, asistentzia eta arretarako zerbitzu boluntarioa’ izena izango du. Helburua da elkarteak antolatu eta garatzen dituen jarduerak eta programak bularreko eta ginekologiako minbiziagatik afektatuei gerturatzea. ‘Badakigu ez dela batere erraza gaixotasunarekin bizi eta gainditzeko borrokatzea. Honengatik gaixotasuna sufritzen duenari galdutako indarra berreskuratzen eta eguneroko zailtasunak gainditzen lagundu nahi diogu’, azpimarratu du Dubreuilek.
Asistentzia eta arlo psikosoziala
Elkartea bere helburuetako bat betez dator Ordiziara: zerbitzuak deszentralizatzea emakumeengandik gertuago egoteko. Horregatik prestatu du informazio eta laguntza gunea, Iruinek eta Aramendik esan dutenez. Bulegoa asteartetan 17:00etatik 19:00etara zabalduko da hasiera batean eta emakume ordiziarrak egongo dira harrera egiteko, euren borondatez. Oraingoz Aramendi bera egongo da, baina asmoa talde bat osatzea da.
Katxalinen zerbitzuak bi arloetan banatzen dira: asistentziarena eta psikosoziala. Lehenengoan, informazio orokorra, Osakidetzaren prestazio ekonomikoen berri, ebaluazio soziala, ebakuntza egin duten gaixoen berehalako harrera eta bisita, peluka eta protesien mailegua, linfedema kasuetarako drainatze linfatikorako fisioterapia, bakarkako, familia eta taldeko arreta eta asistentzia juridikoa ematen dituzte. Arlo psikosozialean, besteak beste, bazkideen harremanak sendotzeko ekintzak egiten dituzte.
Iruinek eta Aramendik laguntza behar duten kaltetuei zalantzarik ez izateko eta gerturatzeko gonbitea luzatu diete.
*Argazkian,aipaturikoak Zuhaiztiko Raquel Bravo lehendakariarekin batera.