‘FORMAN’ ETA ‘BIZITZEA NIRE BURUA AURKITZEA DA’, ZUHAIZTIREN PROGRAMA BERRIKO ESKAINTZAK
Udal arduradunek eta elkarteak norberaren ongizatea hobetzeko antolatutako jardueretan parte hartzera animatu dute
Ordiziako Zuhaizti zentroan kurtsoa hastear dago eta berriekin dator. Programa Gizarte Zerbitzuetako Udal arloarekin elkarlanean antolatu da eta aurten ‘Forman’ jarduera fisiko leuna proposatzen duen ikastaroa eta ‘Ondo bizi, hobeto sentitu: bizitzea nire burua aurkitzea da’ tailerra dira nobedade nagusiak. Biak Caixa Fundazioaren Gente 3.0 ekimenaren baitan dator. Iñaki Dubreuil zinegotziak, Rakel Bravo elkarteko presidenteak eta Kristina Altuna teknikariak ikasturtearen xehetasunak eman dituzte ezagutzera.
Zuhaizti zentroak Ordizian parte hartzeko eta elkarrekin egoteko gunea eskaintzen die jubilatu eta pentsionistei. ‘Parte-hartzaileen osasuna, ongizatea eta autonomia hobetzen laguntzeaz gain, bertaratzen direnen parte-hartze aktiboa eta berritzailea sustatzen da’, esan du Dubreuilek prentsa aurrean egin den aurkezpenean.
Zinegotziak Ordiziako pertsona nagusiekiko eta zentroarekiko Udalaren konpromiso historiko eta tinkoa berritu du. Eta zahartzaro aktiboa eta osasuntsua bultzatzeko antolatzen diren prozesu ugariak balioan jarri ditu. ‘Eskaintza zabala, osoa eta anbizio handikoa da’, esan du. Izan ere, zerbitzu eta jarduera ‘klasikoak’, hau da, txangoak, ibilaldiak, martxak, xakea, billarra, abesbatza eta ohiko ikastaroekin batera eskaintza berriak proposatu dira. Aipaturiko ‘Forman’ eta ‘Ondo bizi, hobeto sentitu: bizitzea nire burua aurkitzea da’ tailerrak.
Dubreuilek Zuhaiztiko zuzendaritza taldea osatzen duten eta osatu izan dutenen esfortzua eta konpromisoa goraipatu eta eskertu ditu. Baita egunero zentroan eskura dituzten programa, proiektu eta jardueretan parte hartzen dutenen pertsonena ere.
Aktiboki parte hartzea, pertsonen ongizaterako gakoa
‘Gauzak egiteko gogoa, aktiboki parte hartzea eta harremanak egitea bizitza osoan zehar osasuna eta ongizatea hobetzeko gakoak dira’, gogoratu die Rakel Bravok jubilatzear daudenei, bereziki. Elikadura zuzena, ariketa fisikoa eta ohitura sanoak izateaz gain, inguru soziala eta harremanak egitea garrantzitsua da, baita ‘oso aktibo’ egotea ere, errepikatu du.
Hala, zentroak kurtso honetarako prestatu den jarduera eskaintza abian du. Ordiziako jubilatu eta pentsionisten elkarteak kudeatzen duen baliabidea da, Udalarekin elkarlanean prestatuta, eta ‘aurten ere aukera zabala eta anitza du’. Helburua ‘bizitzako etapa hau, geroz eta luzeagoa dena, baldintza hoberenetan egiten laguntzea da, pertsonen autonomia aurreikusi eta sustatuz’.
Bravok ‘Udalaren laguntza, Zuzendaritzako kideen babesa, euren konpromisoak eta borondateak programa oso eta handia hau egitea posible egiten dutelako, eta zentrora hurbiltzen diren herritarren parte-hartzea’ eskertu ditu.
Programaren xehetasunen inguruan Kristina Altuna aritu da. Dagoeneko beteranoak diren abesbatza, eskulanak, soinketa fisiko eta psikologikoa, pilatesa, erlaxazioa, ziber aretoa, aretoko dantzak, gizonezkoen sukaldaritzan eskolak, xakea, belaunaldi arteko tailerra, martxak, kultur ibilbideak, hitzaldiak, dantzaldiak, bingoak eta jai egitarauekin batera, aipaturiko berriak txertatu direla aipatu du.
programa: