MIKRO-KREDITUAK BAZTERTZE ARRISKUTIK BABESTEKO
Udalak eta Fiare elkarteak hitzarmena sinatu dute finantza-laguntza kudeatzeko
Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkateak, eta Santiago Membibre, Fiare elkarteko euskal ordezkariak lankidetza hitzarmena sinatu dute ostiral honetan Ordizian, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonei finantza-laguntza emateko. Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak ere, Iñaki Dubreuilek, ekitaldian parte hartu du.
Honen bidez, Goierriko Kaleratzeak Stop plataformak 2018ko udal aurrekontuen parte-hartze prozesuan ’hainbat gizarte beharretarako mikro-kredituen funtsa’ sortzeko eginiko proposamenari erantzun zaio. Hala, Udalak urteko 10.000 euroko partidu jarri du Fiareren eskura.
Oinarrizko beharrak asetzeko finantza iturria izatea da helburua. Horrelako beharrak izan, horretarako laguntzarik ez eta euren egoera ekonomikoagatik, egungo banku sistemaren baldintza eta bermeak betetzen ez dituzten pertsonentzat dira.
2.000 euro gehienez
Udaleko Gizarte Ongizateko saileko teknikariek eskatzaileen egoera aztertuko dute gizarte bazterketa arriskua katalogatzeko eta Fiarek finantza baztertzea analizatuko du. Balorazio batzordea eratuko da, Ordiziako Udaleko, Caritas, Fiare eta Kaleratzeak Stop elkarte ordezkariekin osatuta, eta honek proposatuko du eskaera bakoitzari eman beharreko esku-hartze egokiena.
Batzordeak eta Fiarek adostuko dituzte prestamuaren kontratua sinatzeko epe, kopuru, itzulpen modua eta bestelako baldintzak. Mikro-kreditu bakoitza 500 eta 2.000 euro bitartekoa izango da eta ez dira berme edota komisioak ezarriko. Itzultzeko epea gehienez bi urtekoa izango da eta eskatzailea Ordizian erroldatua egon behar da eskaera egin aurreko 12 hilabeteetan.
Ordiziako Udalak 2016ko martxoko Osoko bilkuran onartu zuen Fiare elkartearekin elkarlan hitzarmena eta bankan bilakatzeko lehenengo udal akzionista izan zen estatu mailan. Lehenago ere kapital sozialean parte hartutako lehenengo udala izan zen. Erakundeak delegazioa du Ordizian, Udalak utzitako lokal batean.
*Argazkian, sinadura ekitaldian parte hartu duten pertsonak: Jokin Otegi (Fiare Ordizia), Amparo Díaz de Cerio (Fiare Ordizia eta Desajabetzeak Stop Goierri), Membibre, Santamaría, Gizarte Ongizateko zinegotzia Iñaki Dubreuil eta Sebastian Gutteridge (Fiareko teknikaria).