EUSKO JAURLARITZAK ALOKAIRU MODUAN ERABILTZEKO BABESTUTAKO 36 ETXEBIZITZA EGINGO DITU ORDIZIAN
Helburua udalerrian dagoen alokairu eskea atenditzea da
Legealdi amaierarekin Ordizia hobetzeko Udalak sustatu dituen hainbat proiektu argia ikusten ari dira. Ostiral honetan Pablo Garcia Astrainek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura zuzendariak, San Joan auzoan babestutako 36 etxebizitza eraikitzeko erabiliko den gunea bisitatu du, San Joan auzoan. Proiektua Udalarekin adostu eta tramitean dagoen hitzarmena berehala sinatuko dute bi erakundeek. Jose Miguel Santamaria alkateak eta Gizarte Ongizateko Iñaki Dubreuil zinegotziak obra hartuko duen eremura, Floreagara, lagun diote.
Santamariak gogoan izan duenez, 1994an Jaurlaritzak eta Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuten Majori etxaldean eta San Joan auzoan babestutako etxebizitzak eraikitzeko. Ordutik hona pausoak eman dira, lehenengo Majorin 32 etxebizitza eraikita. Orain San Joango proiektuarekin aurrera egin nahi dute, ‘udalerrian etxebizitza alokatzeko dagoen eskaerari erantzuna emateko’, esan du. Horretarako plan berezia bultzatu zuen Udalak. ‘Hasieran salmentarako 27 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen, Floreagan, baina alokairuan emateko beharra, salmentarako nahikoa badagoelako, eta aukera antzeman genuen. Hala, horrela egingo dira eta 36 izango dira, denak promozio publikoan eta alokatzeko: 24 alokairu orokorrean eta 12 alokairu sozialean’.
Lizitazioa 2020ean
Obra eta lanen esleipena Jaurlaritzako Etxebizitza sailak egingo ditu, Alokabide erakunde publikoaren Bizigune programaren bitartez. ‘Esleipena 2020ean egitea aurreikusten da eta bi urtetan amaituko litzateke obra’, Garciak aurreratu duenez. Hiru eraikin altxatuko dira eta bakoitzak beheko planta eta hiru solairu izango ditu. Solairu bakoitzean lau etxebizitza egingo dira. Horietako bakoitzak 60 metro koadro izango ditu, bataz beste. Eusko Jaurlaritza da lurraren jabea eta 3,8 milioi euro inbertituko ditu obra egiteko.
Dubreuilen esanetan, ‘Etxebiden 300 bat etxe eskaera daude, Ordiziari dagokionez, eta horietatik 175 alokairuan nahi dira. Proiektu honek eskaeraren %20a asebeteko luke, gutxi gora behera’.
Alkateak adierazi duenez, honakoa udal dinamikaren ‘aurrera pauso bat gehiago da, ordiziarren ongizatea hobetu, beharrei atenditu eta lehentasunak defendituz. Adibidez, gazteek emanzipatzeko aukera ezin hobea izango dute’. Santamariak eta Dureuilek Eusko Jaurlaritzak Ordiziako herritarrak babesteko egingo duen ahalegina eskertu dute.
Amaitzeko, udal ordezkariek azkenaldian ezagutu diren proiektu estrategikoan gogoratu dituzte. Adibidez, hotelaren eraikuntza, tren geltokiko irisgarritasuna hobetzeko obra, kiroldegiaren handitze eta birmoldatzea, 120 plazako zaharren egoitza berria eraikitzeko proiektua, gizarte zerbitzuetako plan estrategikoa eta honen baitan egingo den eguneko arretarako zentroa edota ireki berri den oinarri teknologikoa duten enpresa berrien inkubategia. ‘Ordizia oso aktiboa dago, pareko kudeaketaren fruitu’.