ORDIZIAK ADINEKOENTZAKO EGOITZA BERRIA IZANGO DU
Udalak konpromisoa hartu du San Joan auzoan dagoen lursail bat Aldundiari emateko, bertan 120 plaza inguru eskainiko dituen gune berria eraiki dezan
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ordiziako Udalak adostu dute San Juan auzoan egoitza berri bat eraikitzea, mendekotasuna duten adineko pertsonei zuzenduta. Ordiziako Udalak konpromisoa hartu du auzo horretan 7.000 m2-ko lursail bat Aldundiari lagatzeko, 120 plaza inguru eskainiko dituen gune berria eraikitzeko. Hala iragarri dute Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak eta Iñaki Dubreuil Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, gaur goizean auzora egin duten bisitan.
«Proiektu honek eragin positiboa izango du eskualde osoko, udalerrietako itxaron zerrendak murrizten lagunduko baitu. Gaur egun, Goierrin 45 lagun daude itxaron zerrendan», nabarmendu du diputatuak. Eta horren harira, gaineratu du «bi erakundek afinitatea» erakutsi dutela «pertsona ardatz» duen arreta eredu berria sustatzeko, eta, horrela, arreta behar dutenen autonomia eta independentzia bultzatzeko.
Lankidetza honen barruan, batetik, Foru Aldundiak hitzeman du San Juan auzoko lur sail batean 120 plaza inguruko egoitza zentro bat eta eguneko zentro bat eraikiko duela. Bestetik, Ordiziako Udalak konpromisoa hartu du Aldundiari lursail hori doan lagatzeko, bertan proiektu bat gauzatzeko Oria Garaiko arreta-beharren zati bati erantzun egokia emateko helburuarekin.
Adineko pertsonak, gizarte politiken erdien
Diputatuak berretsi du Aldundiaren konpromisoa legealdi hasieratik adineko pertsonen «ongizatea, bizi kalitatea eta ematen zaien arreta» gizarte politiken «lehen lerroan» jartzeko. Horren harira, gogorarazi du azken aste hauetan, Aldundiak Irungo egoitza berriaren obrak kontratatzeko prozedurari ekin diola, eta Usurbilgo zentro berritzailea aurkeztu duela. Horrez gain, aurkeztu berri du Pasaian kokatuko den Adinberri eraikuntza proiektua ere; zahartzaroaren eta mendekotasunaren arretari dagokionez erreferentzia izango den zentro berria, hain zuzen.«Orain Ordiziaren txanda da, eta, beraz, Goierrirena», esan du diputatuak. Harentzat, honelako akordioak erakundeen arteko lankidetzaren «adibide bat gehiago» dira, eta, horien bidez, zahartzearen eta mendekotasunaren arretarako sarea «eraldatzen ari gara» Gipuzkoan; «gizarte politika sendoak» dituen lurralde bat gara.
Maite Peñak erantsi du, bestalde, mendekotasuna duten adinekoak “beraien etxeetan" bizi ahal izateko arreta soziosanitarioko ereduarekin batera, eta osasun arazoengatik bertan jarraitu ezin dutenerako pentsatuta, «beharrezkoa» dela egoitzetan mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako plaza kopurua «handitzea», «etorkizunean sor litezkeen behar berriei aurrea hartzeko».
Horretarako, diputatuaren arabera, erakundeak «ahalegin handia» egin du lurralde osoan, modu orekatu batean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen «estrategia integral» bati esker, «egoitzetan eta eguneko zentroetan guztira 361 plaza» sortuko dira legealdi amaierarako. Eta gaineratu du, estrategia integral hori 2018-2021ko Gizarte Zerbitzuen Mapan islatuta dagoela, eta horri esker 869 plaza berri sortzea proposatzen dutela, horietatik 446 plaza lurralde osoko mendekotasun egoera dauden pertsonei zuzenduta.
Aurrera pauso garrantzitsua
Jose Miguel Santamaria alkateak, berriz, adierazi duLegealdi honetan zehar Ordiziako Udalaren “lehentasunetako bat” izan dela “gure adinekoen ongizatea bermatu eta euren bizi kalitatea hobetzen saiatzea. Helburu hau betetzeko xedez, azaldu du gizarte-ongizate sailak “indar guztiak” jarri dituela “prebentzioan eta asistentzian” oinarritutako neurriak abiaraziz; eta okasio honetan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako beste erakunde batzuekin “elkarlanean”. Zalantzarik gabe, gaur urrats garrantzitsua ematen dugu Ordiziako adinekoen zaintzan", erantsi du Santamariak.
Amaitzeko, diputatuak gogorarazi du «Gipuzkoan gizarte kohesionatu bat» dugula, «gizarte-ehun sendo eta gizarte zerbitzu aurreratu batzuei esker». Gizarte kohesiorako «ezinbestekoa da gizarte politiken eredu honi eustea, eta Gipuzkoan lanean ari gara kolektibo honek ongizatea eta bizi maila duina izan ditzan». Jarduketa protokolo honen bidez, eta Ordiziako Udalarekin batera, Foru Aldundiak «ekarpena» egiten dio Goierrin eta Gipuzkoan modu orekatuan garatzen ari den arreta ereduari. «Eta bide horretan eragin behar diogu lankidetzan tokian tokiko administrazioek, bai aldundiak bai lurraldeko udal guztiek”, ondorioztatu du.
Amaitzeko, udal ordezkariek azkenaldian ezagutu diren proiektu estrategikoak gogoratu dituzte. Adibidez, Floreagan eraikiko diren alokatzeko babestutako 36 etxebizitzak, San Bartolomeko eta tren geltokiko irisgarritasuna hobetzeko obrak, kiroldegiaren handitze eta birmoldatzea, hastear dagoen hotelaren obra, gizarte zerbitzuetako plan estrategikoa eta honen baitan egingo den eguneko arretarako zentroa edota ireki berri den oinarri teknologikoa duten enpresa berrien inkubategia. ‘Ordizia oso aktiboa dago, pareko kudeaketaren fruitu’.