Goazen Ordizia abian da
Goazen Ordizia egitasmoa berriz ere martxan da. Ikasturte berriaren lehen ibilaldia Plaza Nagusitik abiatuko zen atzo, betiko ordutegian, 10:30etan, eta Zuhaizti egoitzara iritsi zen.
Gizarteratzea eta osasuna hobetzea helburutzat hartuta, ostegunero ibilaldiak burutuko dira. Batez ere, adineko pertsonak dira parte hartzen dutenak, baina programa gainerako biztanleriarentzat irekita dago. Ibilbideak parte-hartzaile guztien behar eta aukeretara egokituta daude, parte hartu nahi duen edozein pertsona edo taldek izan dezan aukera, honek aberasten baitu ekintza komunitarioa. Gainera, belaunaldien arteko lotura lantzeko asmoarekin Ordiziako ikastetxeetako ikasleak eta haurtzaindegiko haurrek ere parte hartzen dute.
Etxetik irteteko zailtasuna duten pertsona helduentzako garrantzia berezia izaten du ekintza honek, baita eguneko zentroko, egoitzako eta Garaguneko erabiltzaileentzat ere. Izan ere, asko dira Goazen Ordiziak bere baitan dauzkan onurak. Batetik, ariketa fisikoa egiteko aukera paregabea da. Baina, zalantzarik gabe, askorentzako ezaugarririk garrantzitsuena harreman berriak eraikitzeko aukera da. Ibilaldiak elkartze gune bilakatzen dira, solasaldirako testuinguru ezinhobea eskainiz. Modu honetan adinekoen bakardadea saihestu eta lagunartean jarduteko modua eskaintzen da.
Saio hauek aurrera eramateko erakunde eta elkarte desberdinetako kideen laguntza ezinbestekoa da. Goazen Ordiziaren antolaketaren ardura izateaz gain laguntza ematen diete arrazoi ezberdinak direla medio, maizago ibiltzeko zailtasunak dituzten pertsonei. Hauen artean daude: Ordiziako Udala, Osakidetza, Zuhaizti, Nagusilan, Kimetz, Ordizia Kolore eta Garagune. Boluntariorik gabe ezingo litzateke hainbeste pertsonentzako horren aberasgarria den programa hau aurrera eraman. Lerro hauen bitartez aurreko urtean parte hartu zuten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu hartutako lana eta zabaldutako ilusioagatik eta bide batez, aurtegon edizioan parte hartzeko deialdia luzatzen diogu bolondres bezala aritu nahi duen edozein persona eta erakunderi.
Ikasturte honetan gainera, berrikuntza bat proposatu zaie Goazeneko parte hartzaileei, berrikuntza eta laguntza eskaera. Izan ere, Ordiziako Udalak, Mugikortasun astearekin bat eginez, Goazeneko parte hartzaileek ibilaldian zehar topatzen dituzten irisgarritasun traben inguruan informazioa biltzen has daitezela eskatu nahi die, oztopo ezberdinak identifikatuz, argazkien bidez, eta ondoren horretarako prestatu dugun liburu gorrian jasota. Honela, informazioa bizkorrago jasoko da, eta konponbideak lehenago jarri ahal izango dira martxan. Betiko moduan hamaiketako batekin emango diote itxiera goizari.
Parte hartzeko, Ostegunetan Plaza Nagusira hurbiltzea besterik ez da behar, horregatik ordiziar guztiei gonbidapena luzatu nahi dizuegu, bai parte-hartzaile edo baita boluntario moduan goiz atsegin bat pasatzeko gonbidapena luzatuz.