Larriadi etxea egokitu du Ordiziako Udalak
Larrialdi sozialeko egoeran dauden ordiziarrei erantzuna emateko bideratuko da
Ordiziako etxebizitza batean larrialdi etxe bat egokitu du Ordiziako Udalak. “Erabilgarri ez zegoen Udal ondasun bat da etxebizitza hau, eta orain larrialdi egoeran daudenei zuzenduko diegu”, azaldu du Ainhoa Jimenez, Ongizate, Hezkuntza eta Berdintasun zinegotziak. Aste hauetan altzariz hornituko da, eta erabilgarri egongo da. Etxebizitza hau irisgarritasun baldintzetara egokitzeko obra bat egin da, helburua larrialdi egoerei erantzutea delako.
Ordiziako Udalean badago ordenantza bat larrialdi sozialen inguruan eta hala zehazten du nork erabili ahalko duten. Batetik, gizarte egoerak artatzeko harrera-etxebizitzak. Etxebizitza hauetan alojamendua eskaintzen zaie iraupen laburreko egonaldia behar duten pertsonei edo familia unitateei, premia edo gizarte larrialdi baten ondorioz, etxebizitza gabeziari aurre egiteko. Tartean dauden kasuak izan daitezke, adibidez, hondamendiak, suteak eta uholdeak. Hauen kasuan, etxebizitzaren erabilpena egin ahal izateko aportazio ekonomiko bat egin beharko da, errentaren araberakoa.
Bestetik, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko etxebizitza. Etxebizitza horietan alojamendua eskaintzen zaie iraupen laburreko egonaldia behar duten emakumeei eta bizikidetza unitateei, indarberritzeko eta etxeko indarkeriaren egoeraren bat gaintzeko, baldin eta babeserako neurririk behar ez bada. Kasu hauetan, doakoa izango da erabilpena.
“Ordiziako Udala konziente da populazioaren adinaren igoeraz, eta, horregatik, ordenantzaren barruan sartu nahi da osasun arazo batzuk medio mugikortasun ahalmena galtzen dutenek ere larrialdi etxea erabili ahal izatea, errehabilitazio edo etxean beharrezko irisgarritasun aldaketaketa moldaketak egiteko behar den denbora tartean. Horregatik, datorren Plenora eraman nahi da gaia, behar diren eguneratze tramiteak egin eta azken puntu hau ere ordenantzan sartu ahal izateko”, gehitu du zinegotziak.
Erabilera mugatuta
Egoera berezietan izan ezik, zerbitzu hau alojamendua eskaintzera mugatuko da, eta ez da inolako zaintzarik eskainiko. Era berean, alojamenduan ez da bertan hartutako pertsonak zaintzeko langilerik izango, eta etxebizitza ez da inolaz ere mugarik gabeko aldi baterako utziko. Oro har, iraupena lau hilabetekoa izan ahalko da, kontratua sinatzen den egunetik aurrera. Edonola ere, Udal etxebizitzaren egiten den gehienezko iraupena ezin izango da zortzi hilabetetik gorakoa izan.
Ordizian bizi diren pertsona edo bizikidetza unitate guztiek erabili ahalko dute zerbitzua, gutxienez, sei hilabeteko antzinatasun jarraitua izan beharko dute erroldan. Tramitazioa, berriz, Gizarte Ongizate sailaren bitartez tramitatu behar da eta eskaeraren tramitazioa eta balorazioa Gizarte Zerbitzuetako teknikariek egingo dute.