Pandemia garaiko herritarren testigantzak, herritarren eskura
Ordiziako Udalak 2022ko martxoko Udalbatzaren Osoko Bilkurak konpromisoa hartu zuen COVID19ak ekarri zuen pandemiak gure herrian utzi zituen bizipen ezberdinak aztertu, jaso, eta argitaratzeko. Lan horren emaitza da gaur aurkezten dugun Pandemian Bizi argitalpena, non ordiziar eta herriko eragile ezberdinek euren bizipenak partekatu dituzten, Farapiko kideen bide-laguntzarekin pandemian bizitako egoeren herri narratiba anitz bat osatzeko.
Guztira 62 lagunen testigantzak jaso dira, horietatik 43 emakumezkoak eta 19 gizonezkoak. Sektore edo esparru ezberdinetako jendea da, besteak beste gurasoak, egoera zaurgarrian dauden pertsonak, zaintza zerbitzuetako langileak, merkatari eta ostalariak, edota Covid-19aren eraginez senideren bat galdu duten herritarrak, besteak beste.
Ainhoa Jimenez ongizate eta berdintasun zinegotziaren hitzetan, pandemia “aztarna handia utzi zuen garai bat izan zen, denok oso modu intentsoan bizi izan genuena, eta erabaki zen herritarren bizipenetatik abiatuta diagnosi bat egitea”. Horretarako, garrantzia berezia eman zitzaion kolektibo ezberdinen hitzak jasotzeari. “Ez da lanketa kuantitatibo bat, kualitatiboa baizik, oso pertsonala eta bizipenetatik abiatutakoa”. Bizipen ezberdin horietatik abiatuta, hala ere, “besteen egoerarekin enpatizatzeko gaitasun hori” agerian gelditu dela uste du Jimenezek, “teorian denontzako berdina zen egoera bat bakoitzak bere lekutik bizi izan du, eta hori jaso nahi zen lan honetan”.
Behin testigantza horiek guztiak jaso eta liburua argitaratu zenean, lehen aurkezpen bat egin zen, ekainean, testigantzak eman zituzten herritarrekin. Jimenezek azaldu du “modu diskretu eta goxo batean” egin zela aurkezpen hura, “testigantzak modu anonimoan” eman dituztelako, eta ekitaldian ere anonimotasun hori gorde nahi izan zelako. Bilera hartan “oso modu positiboan” baloratu zen lana, eta liburua eta esperientzia horiek guztiak gainontzeko herritarrekin elkarbanatzea interesgarria izango litzatekeela azaldu zuten. Horregatik erabaki da orain, ordiziar guztiei ere liburua lortzeko aukera zabaltzea.
Liburua jasotzeko interesa dutenek, izena eman beharko dute, urriaren 18a baino lehen, liburutegian edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean, harremanetarako telefono zenbakia edo e-posta helbidea emanda. Eskariaren arabera argitaratuko dira liburuak, eta eskaera egin dutenei zuzenean jakinaraziko zaie non eta noiz jaso ahal izango dituzten. Horrekin batera, Udalaren asmoa leku estrategikoetara ale bana eramatea da, hala nola ikastetxe edo osasun zentroetara, haiek ere egin den lanketaren berri izan dezaten.
Bukatzeko, Adur Ezenarro alkateak aipatu du “pandemian gertatutakoetatik ikasteko modurik eraginkorrena gure ikuspegia bera zalantzan jartzea dela. Eta bide horretan, guk bezala pentsatu edo bizi ez zutenen bizipenetan murgiltzeko liburu hau ezinbesteko tresna” dela.