Ordizia 'Harrera herria' da, eta Ordizia Kolore egitasmoaren barruan, aurten Kulturen Arteko VIII. Topaketa egingo da, azaroaren 4tik 9ra bitartean. Egitasmo hau urtez urte sendotzen ari da, eta hainbat ekitaldi parte-hartze handikoak izaten dira, hala nola, Munduko Arrozen Eguna. Ordizian elkarbizitzen diren jatorri eta kultura ezberdinak hobeto ezagutu eta harremanak bultzatzea da egitasmo honen helburu nagusia.

Ainhoa Jimenez Ongizate, berdintasun eta heziketa zinegotziak gogorarazi du “Ordizia Harrera Herria” dela eta horrek “poztasun eta aberastasun handia” ematen duela. Aurten “Errumaniari arreta berezia” jarriko zaiola azaldu du, “Ordizian bizi den etorkin komunitaterik zabalena” delako. “Hiri hezitzailea proiektuan foro ezberdinak ari gara lantzen, eta horietako bat da Harrera Herriarena. Bertan aipatu zen urtero komunitate bati aipamen berezia egingo zitzaiola, eta Errumania izan da aurten hautatua”. Hala, Kulturen Arteko Topaketan ere, keinu bat egingo zaio herrialde horri.

Bide horretan, aurten antolatu diren ekitaldietako batzuetan, Errumania izango da ardatza, hala nola ipuin kontaketan edota sukaldaritza ikastaroan, nahiz eta jatorri askotako herritarrek parte hartuko duten. Hilaren 4, 5 eta 7an, Kolore-Truk merkatu txikia egingo da D'Elikatuzen, eta Barrenan, 'Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen' izeneko erakusketa izango da ikusgai aste osoan zehar; gainera, hilaren 5ean, erakusketa honen inguruko azalpenak emango dituzte Garabide elkartekoek. Egun berean, 'Sormena eta migrazioa' mahai-ingurua ere izango da, D'Elikatuz zentroan. 

Ohiko beste ekitaldien artean, '11 zapore, Munduko pintxo-potea' egingo da. Asteartean, Otegi-eneko Nerea tabernan, eta asteazkenean, herriguneko Leizea, Olano, Pottoka, 1990, Martinez eta Kantoi tabernetan.

Bestetik, hilaren 8an, Ordiziako hizkuntza identitate anitzei buruzko topaketa egingo da, Barrenan, Garabide elkarteak dinamizatuta. Bukaeran, luntxa eskainiko dute.

Munduko Arrozen Eguna

Eta nola ez, Munduko Arrozen Eguna. Ainara Ormaetxea Ordiziako Aniztasun kudeatzaileak azaldu duenez, “oso ekintza partehartzailea da, eta urtero 400-450 lagunetik gora” biltzen ditu. Aurten, hilaren 9an egingo da, larunbatarekin. Munduko herrialde eta kultura ezberdinetako arrozak probatzeko aukera izango da bertan. Aurten, 10 herrialdeetako sukaldariek parte hartuko dute, eta Peru, Japonia eta Ekuatoriar Ginea dira berrikuntzak:

1- Divinas Mujeres de Nigeria Elkartea (Nigeria)
2- Cristhian (Nikaragua)
3- Serafina (Ekuatore Ginea)
4- Embrca (Sahara)
5- Amel (Algeria)
6- Patricia + Rosalía (Peru)
7- Lina (Kolonbia)
8- Lourdes (Ekuador)
9- Ana, Koordinadora feminista (Euskal Herria)
10- Mimi + Kumiko (Japonia)

Arrozen otorduaz gain, haurrentzako jolasak, bingoa, DJa izango dira egunean zehar. Berrikuntza moduan, gauean kontzertuak ere izango dira: Samba Badago, Lua Matheus & Revolutionary Brothers, eta DJ Angel ariko dira eskenatokian. Kontzertuetarako barra ere jarriko da, eta bertatik ateratzen den dirua Palestinako UNRWA agentziara bideratuko da.

Bazkarirako txartelak salgai daude D'Elikatuzen, Buztuntzako Magazine Romanesc dendan eta Otegieneko Nerea tabernan, 3 euroan helduena eta euro batean umeena.

Bukatzeko, gogorarazi azaroaren 24an Bizilagunak egitasmoa egingo dela, eta udaletik, herritar guztiei egiten zaie gonbitea ekimenean parte hartu eta beste jatorri eta kultura batzuetako jendearekin otordu bat konpartitu dezaten.