Image
Image
Ordiziara etorri berriei zuzendutako Baliabideen Gida argitaratu du Udalak

Ordizia Harrera Herria da, eta Ordiziara datozen herritar berriei nahiz bertan bizi direnei zuzenduta, herriko Baliabideen Gida argitaratu du Udalak. Sei hizkuntzatan argitaratu da, eta bertan, udal baliabideen, gizarte nahiz osasun baliabideen, hezkuntza eta enplegu arlokoen nahiz herriko kultur eta kirol taldeen inguruko informazioa ematen da, besteak beste.

Ainhoa Jimenez Ongizate eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “azken urteotan lantzen ari garen Harrera Planaren puntu nagusietako bat, 'Ongi etorri Ordiziara Harrera Gida' sortzea zen. Orain arte hainbat ekintza egin dira zentzu horretan, baina beharra ikusten genuen Ordiziara etorri berriei harrera egiteko gida bat izatea, euskarri bakar batean, Ordiziak dituen sail eta baliabide guztien informazioa gune bakar batean jasoko zuena, etorri berriek informazio hori guztia eskura eta haien hizkuntzan ere izan zezaten”.

Ainara Ormaetxea aniztasun teknikariaren arabera, "esfortzu handia izan da gida batean informazio guztia biltzea, baina ilusioz egin dugu lan hau". Gida osatzeko prozesua, Hiri hezitzaileekin batera landu da. Gida oso intuitiboa da, testu luzeen ordez, irudiak eta informazio nagusia laburbilduta jarri dira, erraz ulertzeko eta bisualizatzeko moduan. Sei hizkuntzatan dago, euskara hutsean, gaztelaniaz, errumanieraz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz. Atzerriko hizkuntzetan dauden gidak, elebitan daude, izan ere, Jimenez arabera, “garrantzitsua iruditzen zitzaigun euskara denetan txertatzea”.

Baliabideen gida honetan, herriari buruzko informazio garrantzitsu eta erabilgarriak jasoko dituzte: Udal baliabideen mapa, azpiegitura publikoak, euskara, berdintasun arloa, migrazioa eta aniztasun kulturalaren ingurukoak, kultur eta kirol elkarteak, Herritarren Arreta Zerbitzua, gizarte eta osasun baliabideak, hezkuntza eta enplegua, ingurumena eta zaborren kudeaketa, larrialdietarako telefonoak edota atzerritartasuneko tramiteen inguruko informazioa. Horrekin batera, oinarrizko hiztegitxo bat ere jasotzen du gidak.

Harrera zerbitzutik, erroldatzera etortzen diren guztiei banatuko zaie gida hau, baina udal arduradunek gogorarazi dute bertakoentzat ere oso informazio erabilgarria jasotzen duela, askotan ez baititugu herrian ditugun baliabide eta zerbitzu guztiak behar bezala ezagutzen.

GIDA BERTSIO DIGITALEAN (PDF):

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza