Euskararen erabilera 5 puntu igo da azken bost urteetan
Soziolingustikako Klusterrak ezagutzera eman ditu Ordizian 2021ean eginiko Hizkuntzen erabileraren kale-neurketak ikerketako datuak. Honek erakutsi du herriko kaleetan 10 lagunetatik bost ari zela euskarazko elkarrizketetan (% 48,7), erdia baino zertxobait gutxiago gaztelaniaz (% 46,7) eta beste hizkuntzetan % 4,7. Azken datu hori azpimarragarria da, Euskal Herrian oro har entzuten denetik gora dagoelako.
Ordizian, gainera, euskararen erabilerak bost puntu egin du gora azken bost urteetan. Bilakaera hori are eta interesgarriagoa da, gainera, aurretik zetorren joera berresten duelako. Hala, esan behar da euskararen kaleko erabilerak hamar puntuko igoera graduala izan duela Ordizian azken hamar urteotan.
Ordiziako ibilbideetan gertatzen denari erreparatuz, ipar eta hego-mendebaldean dago euskararen kale-erabilera handiena; alderantziz, ipar eta hego-ekialdean baxuena. Nabarmentzekoa da, azken lau urteotan gertaturiko erabileraren igoera ibilbide guztietan islatu izana.
Emakumezkoek zertxobait gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoek baino Ordizian. Joera hori, oro har, Euskal Herriko lurralde guztietan errepikatzen den fenomenoa da, adin-talde guztietan adinekoetan izan ezik. Badirudi, emakumeek eta gizonek euskararekiko izan ditzaketen irudi zein balio desberdinek hizkuntza-hautuan eragiten dutela. Etorkizuneko aztergai interesgarria da honakoa, zalantzarik gabe.
Zenbat eta adin-tarte gazteagoa izan, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera, Ordizian ere. Haurren, gazteen eta heldu gazteen erabilerak batezbestekoaren gainetik kokatzen dira, eta neurri handi batean, euskararen erabileraren sendotzea eragiten dute. Nabarmentzekoa da, euskararen erabilerak gazteen, helduen eta adinekoen kasuan gora egin badu ere, haurren kasuan bost puntuko beherakada jaso dela. Ez da ahaztu behar, Ordizian ere, asko direla eskolaren bitartez euskaldundu diren haur eta gazteak. Eta, baita migrazioaren ondorioz udalerrira etorri diren herrikideak ere. Horien guztien euskararenganako jarrera eta hautua, oso kontuan hartzekoa izango da datozen urteetako euskararen bilakaeran.
Adin berekoen arteko elkarrizketetan azaleratu da, bestalde, orain artean agerian ez zegoen informazio interesgarria. Izan ere, gazteek gehiago egiten dute euskaraz euren artean daudenean adin desberdinetako biztanleekin osatutako taldeetan daudenean baino. Fenomeno horrek erakusten du gazteek duten euskararenganako joera kanpoko eraginik gabe euskararen alde gehiago jotzen dutelako. Haurren, helduen nahiz adinekoen kasuan, ordea, erabilera jaitsi egiten da euren adin-tartekoekin soilik daudenean. Argi geratzen da, helduek gazteagoekin harremanetan euskararen aldeko hautua indartzen dutela, akaso, indarrean dagoelako gurasoek haurrekin euskaraz aritzeko arau soziala; fenomeno horren bilakaerari arreta hurbiletik jartzea komeniko da, zalantzarik gabe.
Fenomeno horrekin lotzen da haurren presentziak duen eragina euskararen erabileran. Euskal Herriko kaleetan pertsona nagusiak euskaraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean, eurak bakarrik daudenean baino. Joera hori orokorra da, eta Ordizian ere araua hala betetzen da. Badirudi pertsona nagusiek euren harreman horizontaletan gaztelaniarako joera sendoagoa dutela eta haurrekin daudenean errazago baztertzen dutela joera hori: nagusien arteko taldeetan entzuten da gutxien euskaraz, eta haurrekin daudenean, aldiz, nabarmen igotzen da euskararen erabilera.
Datozen urteetako bilakaerari begiratzekoan, garrantzitsua izango da haurren eta gazteen joerei erreparatzea. Ordizian, datu orokor baikorrak agertu direla esan daiteke, inoizko erabilera-datu altuenak jaso direlako. Dena den, arreta handiz jarraitu beharreko kontua da haurren euskararen erabilera, beheranzko joera antz eman zaiolako. Horrekin batera, gogoan izan behar da egungo euskal hiztunen profil linguistikoa desberdina dela garai bateko euskaldunen artean ohikoen zen profiletik. Horregatik, kanpo-eraginak tarteko direla ere, zaindu beharrekoak dira haur eta gazte horien hizkuntza-erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak eta euskarazko sozializazioa. Herritar guztiek dute zeregina eginkizun horretan. Euskararen biziberritzearena, ilusioz, erabakimenez, enpatiaz eta inteligentziaz gauzatu beharreko prozesu berritzaile eta eraldatzailea da, bizikidetza zainduz eta gizarte hobe bat eraikitzeko bidean.